Gizon bat atxilotu dute Barakaldon (Bizkaia) bikotekide ohia jotzeagatik

Actualizado: lunes, 26 septiembre 2011 14:31

BILBO, 26 Sep. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, irailaren 25ean, Barakaldon (Bizkaia), genero indarkeriako delitu bategatik, bikotekide ohiari tratu txarrak eman ondoren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldeko 16:00ak jo ondoren, Barakaldoko etxebizitza batean familia-ingurunean balizko indarkeriazko kasu bat gertatzen ari zela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Patruila bat bertaratu zen eta antsietate egoeran zegoen eta arnasa hartzeko zailtasuna zuen emakume bat aurkitu zuen kalean, eta anbulantzia bati deitu zion.

Gurutzetako Ospitalera eraman aurretik, emakumeak ertzainei esan zien bere senar ohiak jo egin berri zuela biak bizi ziren etxebizitzan. Dirudienez, eztabaida baten ondoren, gizonak irainak mespretxuak esan zizkion eta ilea heldu eta hormaren kontra kolpatu zuen.

Ertzainak aipatu etxebizitzara joan ziren, ustezko erasotzailea aurkitu zuten han eta atxilotu egin zuten. Atxilotua gaur goizean eraman dute epailearengana, izapide polizialak bukatu ondoren.