Gizon bat atxilotu dute Beasainen (Gipuzkoa) epailearen aginduz gidabaimena kenduta zuela gidatzeagatik

Actualizado: jueves, 28 abril 2011 19:39

DONOSTIA, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Beasainen (Gipuzkoa) ustez kondena ez betetzearen delitua egotzita. Atxilotuak gidabaimena kenduta zuen epailearen aginduz, eta auto bat gidatzen harrapatu zuten Beasaingo Dolareaga kaletik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertaerak atzo arratsaldeko 19:30ak aldera izan ziren, Beasainen. Dolareaga kaletik zihoan Ertzaintzaren patruila batek kale horretatik zihoan Citroën Berlingo bati buruzko informazioa eskatu zion aginte eta kontrol guneari. Handik ertzainei jakinarazi zieten autoaren gidariak gidabaimena kenduta zuela epailearen aginduz, eta ertzainek autoa geldiarazi eta gidaria identifikatu zuten.

Gidariak ez zeraman dokumentaziorik, eta gainera, agenteei esan zien ez zela autoaren jabea. Hori dela eta, ertzain-etxera eraman zuten, bertan identifikatzeko. Ertzain-etxean zeudela, gidariak errepikatzen zuen ez zela autoaren jabea eta bazeukala gidabaimena baina etxean utzi zuela.

Azkenean, gizonezkoak aitortu zuen autoaren jabea zela eta epailearen aginduz gidabaimena kenduta zuela. Horregatik, ertzainek atxilotu egin zuten, kondena ez betetzearen delitua egotzita.