Gizon bat atxilotu dute Bilbon bikotekide ohia eta ertzain bat jotzeagatik

Actualizado: jueves, 10 febrero 2011 12:08

BILBO, 10 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean Blbon, genero indarkeriako delitu bat eta agintaritzaren agente bati egindako eraso delitu bat egotzita. Bere bikotekide ohiari eta eztabaidan sartu zen ertzainari egin zien eraso atxilotuak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Atzo gaueko 22:00etan, zerbitzutik kanpo zegoen Ertzaintzaren agente batek gizonezko bat emakumezko bat jotzen ikusi zuen kalean. Ertzain bezala aurkeztu zuen bere burua eta eztabaidan sartu zen, biktima eta erasotzailea banatuz. Era berean, 112 telefonora deitu zuen gertakariaren berri emateko eta Bilboko Ibarrekolanda auzora patruila bat bidaltzeko eskatzeko. Une horretan, gizonezkoak bere kontra egin zuen, eta zenbait ukabilkada eman zizkion aurpegian. Borroka egin zuten, eta erasotzaileak alde egitea lortu zuen.

Patruila agentearengana iritsi zenean, honek bere lankideei gertatutakoaren berri eman zien. Erasotzailearen bila hasi ziren, eta minutu batzuk geroago aurkitu zuten bertatik hurbil dagoen kale batean. Identifikatu zutenean, 42 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuten, genero indarkeriaren delitu bat (biktimaren bikotekidea izan zela egiaztatu zuten) eta agintaritzaren agente baten kontrako eraso delitu bat leporatuta.

Emakumeak bere kontura alde egin zuen (antza denez, ez zuen zauririk). Agentea, aldiz, medikuek artatu zuten, izan ere, zauri arinak zituen sudurrean, aurpegian eta eskuetan. Atxilotuak poliziaren egoitzan jarraitzen du, beharrezko eginbideak bukatu arte; orduan, epailearen esku utziko dute.