Gizon bat atxilotu dute Bilbon emakume bati sexu ukituak egiteagatik

Actualizado: jueves, 28 abril 2011 14:00

BILBO, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean Bilbon emakume bati sexu ukituak eta irainak egitea egotzita. Atxilotua taberna batean zegoen emakume batengana hurbildu eta, haren baimenik gabe, ukituak egiten eta irainka hasi zen, biktimaren mutil-lagunarekin borrokan hastea eraginez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertaerak atzo gaueko 23:30etan izan ziren, Bilbon. Ertzaintza Iturriza kalera joatea eskatu zuten ordu horretan, ustez zenbait pertsonen arteko liskar bat gertatzen ari zela. Bertara heltzean, ertzainek hiru gizon eta hiruzpalau emakumeren talde bat ikusi zituzten elkarren artean borrokan, baina agenteak bertan zeudela ikustean, gelditu egin ziren.

Ondoren, ertzainak buruan odola zerion zauri bat zeukan gizon batekin hitz egiten hasi ziren. Gizonak esan zienaren arabera, taberna barruan zegoela, han zegoen gizonetako bat bere neska-lagunarengana hurbildu eta ukituak egiten eta irainka hasi zen. Emakumearen mutil-lagunak kontatu zuen jarrera aurpegiratu ziola gizonari eta tabernatik atera zela bere atzetik, kanpoan borrokan hasiz eta ukituak egin zituen gizonaren lagun bat ere borrokan sartuz.

Halaber, gizonak azaldu zuen ukituak jasan zituen emakumea ere borrokan sartu zela; emakumeak, gainera, eskuineko eskuko hatz txikia okertuta zeukan.

Azkenean, ertzainek ukituen eta irainen egilea identifikatu eta atxilotu egin zuten, lesioen falta bat eta irainen ustezko falta bat leporatuta. Atxilotuak 27 urte ditu.