Gizon bat atxilotu dute Bilbon maula baten bidez 1.400 euro lapurtzeagatik eta nortasuna usurpatzeagatik

Actualizado: martes, 1 marzo 2011 14:45

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Bilbon, maula jarraituko eta nortasun usurpazioko delituak leporatuta. Biktimaren kreditu txartela erabili zuen maula-egileak eta bi aldiz atera zuen dirua, 1.400 euro orotara, bi bankutan. Halaber, kontu bat ireki zuen biktimaren izenean eta faktura bat helbideratu zuen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Joan den abenduan, Barakaldoko (Bizkaia) auzokide batek bere kontutik 1.400 euroren lapurreta salatu zuen Bilboko bi banku-entitateetan. Operazio biak leihatilan egin ziren salatzailearen NAN dokumentua aurkeztuta; dirudienez, egun batzuk lehenago galdu zuen diru-zorroa biktimak Barakaldon.

Egun batzuk beranduago, kontu bat irekitzera joan zen biktima banku batera eta bere izenean zegoen kontu bat dagoeneko irekita zuela esan zioten; telefono faktura bat zuen helbideratuta bere izenean. Kontua blokeatu ostean, Ertzaintzan salatu zituen gertaera hauek eta ikerketa bat ireki zen gertatutakoa argitzeko.

Ertzaintzaren agenteek ustezko egilea identifikatzeko beharrezko informazioa bildu zuten eta atzo arratsaldean deitu zuten Bilboko ertzain-etxe batera deklarazioa hartzeko. Azekenean atxilotu egin zuten, maula jarraituko eta nortasun usurpazioko delituak leporatuta. Aurrekari polizialak ditu atxilotuak, eta atzo bertan geratu zen epailearen esku.