Gizon bat atxilotu dute Donostian beste bati diru zorroa lapurtzeagatik

Publicado: lunes, 26 junio 2017 10:25

DONOSTIA, 26 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen igandean Donostian indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik, diru zorroa kentzeko beste gizonezko bat jo ondoren. Lapurra biktimari hurbildu zitzaion eta ukabilkada bat eman zion aurpegian andregaiarekin eta lagun batekin Gipuzkoako hiriburuko hirigunean paseatzen ari zela. Patruila batek handik pixka batera aurkitu zuen erasotzailea, eta atxilotu egin zuen.

Segurtasun Sailaren arabera, lapurreta igande goizeko 06:20an gertatu zen Donostian. Gizonezko bat andregaiarekin eta lagun batekin zihoan hiriburuko hirigunean, eta bi gizonezkok biktimarekin talka egin zuten. Ertzaintza oraindik ikertzen ari den arrazoiren batengatik, haietako batek ukabilkada bat eman zion aurpegian eta lurrera bota zuen; behin lurrean zegoela diru zorroa kendu zion prakako poltsikotik.

Andregaiak eta lagunak biktima sorotsi zuten, kolpearen ondorioz apur bat nahastuta zegoelako, eta ondoren Ertzaintzara deitu zuten gertatutakoaren berri eta lapurraren deskribapena emateko. Handik pixka batera, patruila batek bi gizonezko eta emakume bat aurkitu zituen inguruan, eta haietako baten deskribapena bat zetorren biktimak eta lekukoek emandakoarekin. Agenteek hiru pertsonak identifikatu zituzten eta ustezko lapurra atxilotu zuten: 18 urteko gizonezkoa. Ertzainek polizia dependentzietara eraman zuten beharrezko eginbideak egin eta, ondoren, epailearen aurrera eramateko.