Gizon bat atxilotu dute Donostian etxe bateko igogailuan sua eginda sortutako kalteengatik

Actualizado: miércoles, 9 febrero 2011 11:15

DONOSTIA, 9 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 35 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur gauerdian Donostian, ustezko kalte delitu bat egotzita. Antza denez, gizonezkoak sutea eragin zuen igogailu bateko kabinan; ondorioz, botoien panela kiskali egin zen, eta kea sortu zuen Donostiako Gros auzoko etxe bateko atalondoan. Ertzaintza eta suhiltzaileak bertara joan ziren.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, gauerdia baino lehentxeago, Ertzaintzak dei bat jaso zuen, Donostiako Jose Maria Soroa kaleko eraikin batean gertakari bat jazo zela esanez. Antza denez, pertsona batek sua sortu zuen atalondo barruan.

Agenteak eta suhiltzaileak bertaratu ziren, eta eraikinean kalteak zeudela ikusi zuten. Igogailua geldituta zegoen, botoien panela kiskalita zuen eta barneko hormak belztuta zituen. Bestalde, lehen solairuetan ere kalteak zeuden, eta bastardeetan, A eta B etxebizitzak adierazteko zeuden taulatxoak erreta zeuden.

Gertakarien ustezko egileak alde egin zuen. Bere deskribapenaren berri zuen patruila bateko agenteek ezaugarri horiekin bat zetorren gizonezko bat aurkitu zuten bertatik hurbil dagoen kale batean. Gizonezkoaren jantziek ke usain handia zuten, eta agenteek bi metxero atzeman zizkioten.

Identifikatutako gizona atxilotu egin zuten kalte delitu baten ustezko egilea izateagatik. Lagun horrek polizia aurrekariak ditu, eta joan den igandean ere Donostian preso hartu zuten ustez bi ziklomotorretan kalteak eragiteagatik. Gaur utziko dute gizonezkoa epailearen esku.