Gizon bat atxilotu dute Donostian pertsona bat eta segurtasuneko zaindari bat aizto batekin mehatxatzeagatik

Actualizado: lunes, 7 febrero 2011 12:40

BILBO, 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizean Donostian arma zuriarekin eginiko mehatxuen ustezko delitu bat leporatuta, herritar bat eta segurtasuneko zaindari bat aizto batekin mehatxatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Atzo goizeko 11:00ak jotzear zeudela, Ertzaintza Donostiako Easo plazan kokaturiko Eusko Trenbideen geltokira joateko eskatu zuten, pertsona bat beste herritar bat aizto batekin mehatxatzen eta erasotzen saiatzen ari zelako.

Herritarren segurtasunerako patruila bat joan zen bertara eta segurtasuneko zaindari batekin jarri zen harremanetan; honek baieztatu zien geltokian zegoen gizon batek beste bati herio-mehatxuak egin zizkiola, eskuan aizto bat zuela.

Zaindariaren arabera, bien artean sartu zen liskarra lasaitzeko asmoz, baina orduan susmagarriak bera ere mehatxatu zuen, eskuan zeukan aiztoa bere kontra erabiltzeko keinuak eginez.

Egoera ikusita, eta beharrezko informazioa jaso ondoren, ertzainek ustezko erasotzailea identifikatu eta, ondoren, atxilotu egin zuten, arma zuriarekin eginiko mehatxuen delitu bat egotzita. Atxilotua ertzain-etxe batera eraman zuten ondoren, ohiko eginbideak egin eta epailearen aurrera eramateko.