Gizon bat atxilotu dute Getxon supermerkatu batean lapurtzeagatik eta agiri faltsuak eramateagatik

Actualizado: miércoles, 12 enero 2011 12:41

BILBO, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) Udaltzaingoak 39 urteko D.C. Bilboko auzokidea atxilotu zuen atzo, Algortako supermerkatu batean lapurtzea eta agiri faltsuak eramatea leporatuta. Atxilotuak polizia-aurrekariak ditu lapurretak indarkeriaz egiteagatik eta epailearen esku utzi dute, Getxoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Gertaera atzo arratsaldean izan zen, Algorta inguruan, 16:30ak aldera. Zaintza lana egiten ari zen Udaltzaingoaren patruila batek Sarrikobaso kaleko supermerkatuaren inguruan mugikortasun murritza duten pertsonentzat gordeta dagoen tokian auto bat aparkatuta ikusi zuen. Gidariak udaltzainak hurbil zeudela konturatzean ibilgailua toki egokiago batera eraman zuen.

Apur bat geroago, udaltzainek kale berean auto hori berriro txarto aparkatuta zegoela ikusi zuten, eta gidaria beste bi gizonekin batera, supermerkatuaren karro batean zeramatzaten produktuak ibilgailuaren maletategian sartzen ari zela. Polizia ikustean, aipatutako bi gizonek alde egin zuten, agenteen susmoak piztuz. Horregatik gertatzen ari zena ikertzera hurbildu ziren.

Gidariak ezin izan zuen justifikatu maletategian sartzen ari ziren artikuluen erosketa eta poliziak ondoko supermerkatuan lapurtutakoak zirela egiaztatu zuen. Batez ere kosmetikoak zirenen balioa 586 eurokoa zen. Horregatik atxilotu egin zuten eta lapurreta delitua egotzi.

Gainera, agenteei nor zen agertzeko agiri faltsua erabili zuela-eta, agiri-faltsukeriagatiko delitua ere leporatu zioten. Holandan matrikulatutako ibilgailuaren agiriak ere aurkeztu ez zituenez, udal gordetegi utzi dute autoa, epailearen agindutara, horren egoera zein den argitu arte. Lapurretan ustez parte hartu zuten beste bi gizonak nortzuk diren jakiteko ikertzen ari da orain Udaltzaingoa.