Gizon bat atxilotu dute Ortuellan, Bilboko portuan kamioi bat lapurtzea egotzita

Actualizado: miércoles, 30 julio 2014 17:11

BILBO, 30 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 26 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Ortuellan (Bizkai), motordun ibilgailu baten ebasketa delitu bat egotzita, Bilboko portuan giltzak jarrita aparkatuta zegoen kamioi bat beste gizabanako batekin batera ustez lapurtzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Herritar batek jakinarazi dio Ertzaintzari gaur goizaldean neurri handiko kamioi bat abiadura handian zihoala Ortuellako Santo Domingo kaletik. Herritarren segurtasuneko patruila bat bertaratuta, lursail partikular batean aparkatuta ikusi dute aipatutako kamioia; itxura guztien arabera, gertakarien ustezko bi egileak erdiatoia askatzen saiatzen ari ziren han.

Haietako bat, ertzainak ikusita, ihesi atera da; bigarrena atzeman dute, ordea. Hain zuzen ere, 26 urteko gizonezko bat zen, eta atxilo hartu dute kamioia lapurtzearen ustezko egile gisa. Egiaztatu ahal izan denez, gertakarien egileak aurreko egunean jarri ziren harremanetan finkaren jabeekin aipatutako lursaila alokatzeko.

Ertzaintza ikertzen ari da oraindik, lapurretan parte hartu duen beste pertsona atxilotzeko. Atxilotua gaur goizean jarriko dute Barakaldoko guardiako epaitegiaren esku.