Gizon bat atxilotu dute Sestaon (Bizkaia) DNA lagin bati esker, 2008an taberna batean indarkeriaz lapurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 30 marzo 2011 14:25

BILBO, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Sestaon (Bizkaia), 2008an Portugaleteko taberna batean indarrez lapurtu eta bi zerbitzariri erasotzeagatik. Atxiloketa DNA lagin baten azterketari esker egin da, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Jazoera 2008ko abuztuaren erdialdean gertatu zen Portugalete herri bizkaitarreko taberna batean. Bi lagun establezimendura sartu ziren, gauerdian, burua estalita eta beisbol bate batekin eta aizto batekin. Lapurrek lokalean zeuden bi zerbitzariak beldurtu eta kolpatu zituzten, eta kutxa erregistratzailea eraman zuten ihes egin aurretik. Zerbitzarietako bat Gurutzetako Ospitalera eraman zuten eta han ospitaleratu zuten; besteak zauri arinak izan zituen eta osasun-arreta jaso zuen.

Ertzaintzaren agenteak tokira bertaratu ziren eta, biktimak artatzearekin batera, taberna eta inguruak miatu zituzten. Hurbileko parke batean kutxa erregistratzailea aurkitu zuten dirurik gabe. Halaber, lapurretan erabilitako burua estaltzeko txanoak eta aiztoa ere aurkitu zituzten.

Delituaren tokian jasotako lagin biologiko batekin duela gutxi identifikatu zuten ustezko lapurretako bat: zenbait deliturengatik aurrekariak dituen 22 urteko gizonezko bat. Atxiloketa atzo gauean izan zen, Sestaon; herri bizkaitarreko Udaltzaingoko patruila batek susmagarria identifikatu zuen kaletik zihoala, eta horri esker, ertzainek berehala atxilotu zuten. Ertzaintzak ikertzen darrai bigarren lapurra atxilotu eta kasua ixteko.