Gizon bat atxlotu dute Gasteizen, trasteleku batean lapurtzeagatik

Publicado: viernes, 17 noviembre 2017 18:05

GASTEIZ, 17 Nov. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostegunean, Gasteizen, eraikin bateko trasteleku batean lapurtzea egotzita. Auzokide batek eman zuen ustezko lapurretaren berri, eta ertzainek susmagarria atxilotzea lortu zuten, lapurturiko gauzekin eraikinetik irtetera zihoala. Atxilotuak antzeko beste lapurreta batzurekin zerikusia duen ikertzen ari dira orain, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Lapurreta saiakera arratsaldeko 17:00etan izan zen, ostegunean, Gasteizko Santa Luzia auzoko eraikin batean. Bizilagun batek jakinarazi zuen gizon susmagarri bat zebilela eraikinaren trastelekuen inguruan.

Patruila bat bertaratu zen eta gizona eskaileratan aurkitu zuen. Eraikinetik presaka irteten ari zen. Agenteek identifikatu egin zuten, lekukoak eman zuen deskribapenarekin bat zetorrelako eta erremintaz eta sukaldeko tresneriaz betetako bi boltsa zeramatzalako. Gainera, ertzainek trastelekuen ingurua ikuskatu eta ateetako bat indarrez irekita zegoela egiaztatu zuten.

Hori guztia zela eta, agenteek 40 urteko gizonezkoa atxilotu eta Ertzaintzaren instalazioetara eraman zuten, ohiko izapideak egiteko. Atxilotuak oharrak zituen koaderno bat ere zeraman. Hori dela eta, ikertzaileek uste dute antzeko beste lapurreta batzurekin zerikusia izan dezakeela.