Gizon bat eta emakume bat atxilotu dituzte Bilbon oinezko bati puntzoi batekin lapurtzen saiatzeagatik

Actualizado: miércoles, 5 enero 2011 14:29

BILBO, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaiuntzaren agenteek eta Bilboko udaltzainek 36 urteko emakumezko bat eta 39 urteko gizonezko bat atxilotu dituzte azken egunotan Bizkaiko hiriburuan, joan den abenduaren 31n egurrezko puntzoi batekin mehatxu eginez oinezko bati lapurtzen saiatzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertakaria Bilbo Zaharra kalean jazo zen, abenduaren 31n, goizeko 5:00ak aldera. Salaketaren eta poliziak egindako ikerketen arabera, atxilotuek oinezko bati egurrezko puntzoi batekin mehatxua eginez eraso egin zioten eta diru kopuru bat ematea eskatu zioten. Zehazki, erasotzaileetako batek gerrikotik heldu eta objektu zorrotza sabelaren parean jartzen zion bitartean, emakumeak 25 euro eskatu zizkion.

Hala ere, Ertzaintzaren patruila bat iritsi zen eta lapurreta burutzea saihestu zuen, emakumea atxilotzea lortuz. Beste lapurrak ihes egitea lortu zuen, baina poliziak egindako ikerketei esker identifikatzea lortu zuten.

Gizonezkoa atzo goizean atxilotu zuten, Abandoko tren-geltokiaren inguruan. Udaltzainek identifikatu zuten eta ustez lapurreta egiteagatik bere bila zeudela ikusi zuten. Atxilotuek zenbait aurrekari dituzte indarra eta indarkeria erabiliz lapurretak egiteagatik. Kasua epaitegiaren esku utzi dute.