Gizonekin berdintasunean egin beharreko lanari buruzko hausnarketa egiteko jardunaldia antolatu du Emakundek

Actualizado: martes, 29 septiembre 2015 13:04

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak "Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legeak hamar urte: aurrerapausoak eta erronkak gizonekin egindako lanean" izeneko jardunaldia antolatu du irriaren 2an Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan, gizonak berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta inplikatzeko duen Gizonduz programaren barruan.

   Emakundek jakinarazi duenez, jardunaldian Michael Kaufman nazioarteko adituak parte hartuko du eta nazioartean gizonekin berdintasunaren arloan egindako ekimenak azalduk ditu. Kaufman ezaguna da nazioartean gizonak berdintasunean inplikatzeko ekimen ezberdinengatik. Berak sortu zuen 1991ean Kanadan Lazo Zuriaren kanpaina gizonak emakumeen kontrako indarkeriaren aurka inplikatzeko, gero mundu mailan oihartzuna izan zuena. Promundo Institutuko ikertzailea da eta MenCare ekimeneko ordezkaria. MenCare 35 herrialde ezberdinetan eta bost kontinentetan gizonak zaintza lanetan aktiboki inplikatzeko egindako ekimen bat da.

   Jardunaldia berdintasuna lortzeko bidean gizonek izan behar duten zereginei buruz hausnartzeko gunea izango da. Honela, Kaufmanen hitzaldiaren ondoren, mahai inguru bat antolatu da, azken hamar urteetan -Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zenetik hona- berdintasunaren gaiaren inguruan emandako aurrerapausoez eta aurrera begirako erronkez hitz egiteko.

   Mahai ingurua Emakundeko idazkari nagusiAna Alberdik zuzenduko du eta Emakundeko Erakunde arteko Lankidetza arloko arduradun Ander Bergarak, On:Giz elkarteko sortzaile eta Gizon Sareako kide Mikel Otxotorenak eta Getxoko Udaleko Berdintasun teknikari Idoia Eizmendik parte hartuko dute. Mahai inguruaren ondoren, talde lana egingo da bertaratutakoekin. Jardunaldia zuzenean ikusteko aukera izango da www.irekia.euskadi.eus webgunean.