Gizonezkoen 20 urtetik beherakoen Europako Saskibaloi Txapelketa jokatuko da Bilbon uztailean

Txapelketaren logotipoa
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 4 marzo 2011 14:21

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Lehenengo aldiz, Bilbo Europako Saskibaloi Txapelketa baten egoitza izango da, La Casilla pabiloian eta Bilbao Arenan jokatuko baitira, uztailaren 14tik 24ra arte, gizonezkoen 20 urtetik beherako Europako Saskibaloi Txapelketako partidak.

2014ko Munduko Txapelketa heltzear dagoela, Espainiako, Euskadiko eta Bizkaiko Federazioek eta Eusko Jaurlaritzak kirol honen barruan dagoen harrobi-ekitaldi garrantzitsuenetako bat antolatuko dute. Hitzorduak maila horretako 16 selekziorik onenak bilduko ditu.

Antolakuntza Batzordea osatu eta FIBA Europak aurreko astean instalazioei eta hotelei emandako oniritziaren ondoren, Europako Txapelketaren irudi korporatibo nagusia izango dena aurkeztuko da gaur.

Txapelketaren logotipoan Bilboren eta saskibaloiaren kontzeptuak bateratzen dira. Bilboko baldosa gris tipikoaren gainean, saskibaloiko baloi bat dago saskian sartzen, ikuspegi zenital batetik. Esanguratsua da, halaber, baliatutako tipografia, Bilbo adierazten duen "B" klasikoaz gainera, hiri-egoitzari omenaldi eginez. Horrek guztiak logotipo solidoa, xumea eta ikusizko eragina duena osatzen du.

Txapelketa garrantzi handiko ekitaldia izango da, eta bertan, sailkatu diren 16 selekzioek hartuko dute parte: Errusia, Serbia, Eslovenia, Montenegro, Suedia, Kroazia, Frantzia, Letonia, Austria, Espainia, Turkia, Grezia, Ukraina, Italia, Lituania eta Alemania. Txapelketa La Casilla pabiloian hasiko da uztailaren 14an eta finala Bilbao Arenan izango da, uztailaren 24an.