"Glad is the day" jaialdia larubatean izango da, Donostia 2016ren kolaborazioarekin

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

   Dabadaba eta Le Bukowski aretoak uztartu egin dira "Glad is the Day" jaialdia sortzeko, xede izanik Egia auzoa Donostiako uda eta kultura esparruetan txertatzea. Jaialdia, egunekoa eta doakoa, Cristina Enea parkean izango da abuztuaren 22an, larunbata. Zortzi artista arituko dira parkeko sarrerako zelaian egongo diren bi eszenatokitan. Antolatzaileek adierazi dute aurtengo edizioa etorkizunean hedapen handiagorekin garatuko denaren mokadu bat besterik ez dela.

   Donostia 2016ren parte hartzea "Elkarrizketak" ekimenaren baitan gertazen da. Lan ildo honek harremanetan jartzen ditu Europako Kultur Hiriburutza eta hiriko kultur agenda, eta beronen helburua da elkartrukearen ahalmen sortzailearen inguruan proiektu espezifikoak sortzea. Bestalde, Tabakalerak ere kolaboratzen du, eraikinaren irekieraren atariko ekitaldien egitarauaren baitan.

   Eszenatoki nagusiak jaialdiaren Rock aurpegia erakutsiko du: Anari azkoitiarraren tentsio elektrikoa, Tiki Phantoms katalanen surf instrumentala, Chiquita y Chatarra asturiarren pop baldarra eta The Saurs bartzelonarren garage punka.

   Zertxobait haratago, harresi erorietan, Sound-System batek egunaren aurpegi elektronikoa azalduko du: AWWZ Bartzelonatik, gaurko elektro eszenaren azken bitxia, beraien lurrin soinu hipnotikoez; Telmo Trenor egiatarraren R&B deseraikia; Kino Internacionalek sortzen dituen giroak; eta Javi P3z, Donostiako Klub eszenaren ordezkari nagusia.

   Gauean, festa moduan eta doan ere, jaialdia Le Bukowski eta Dabadaba aretoetara zabalduko da Etxeko Uzta Party Set eta Crazy Palmeraren sesioekin.