Global Game Jam, urtarrilaren 20tik 22ra Bilboko Azkuna Zentroan

Global Game Jam
AZKUNA ZENTROA
Actualizado: martes, 17 enero 2017 12:00

   BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Global Game Jam 2017 ekitaldia Bilboko Azkuna Zentroan egingo da urtarrilaren 20tik 22ra bitartean, eta diseinatzaileak, garatzaileak, programatzaileak, 3D modelatzaileak, artistak eta hainbat background eta profiletako lagunak elkartuko ditu, 48 ordutan jolas digital edo analogiko bat sortzeko asmoz, gai jakin baten inguruan -antolakuntzak isilpean gordeko du ekitaldia hasi arte-.

   Global Game Jam mundu osoko hainbat egoitzatan aldi berean gauzatzen den ekitaldia da. 2009tik antolatzen da eta parte hartzea hazten doa: 2016an 630 egoitza izan zituen 93 herrialdetan eta asteburu bakar batean 6.867 joko ekoitzi ziren. Aurtengo edizioan izena emateko http://globalgamejam.org/2017/jam-sites/global-game-jam-bilbao-azkina-zentroa web orria jo behar da.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, ekitaldiaren izenak musikarien artean bat batean inprobisatutako "jam session" saioetan du sorburua, ekitaldiaren izaera irekia, bat batekoa eta sortzailea dela eta. "Global Game Jam Bilbaok eskua emango dio filosofia horri, inguruko talenturik onenarekin, prototipo esperimental eta berritzaile txikiak lortzeko. Zorte pixka bat alde baldin badute, egiazko proiektu bihur daitezke", adierazi dute Azkuna Zentrotik.

   Bastida Aretoa izango da Global Game Jam ekitaldiaren euskal egoitza, "giro sofistikatu eta atsegineko espazio bat". Bertan egingo dira hasierako eta amaierako ekitaldiak, jokoak, eta 'ustream' bat edo beste, prozesuko beste jam batzuekin batera. Mediateka BBKn bideo jokoei eskainitako JokuPlay espaziora doan sartzeko aukera ere izango da.