Glu Glu Producciones konpainiak "Nick Maritxu Nick Bartolo" obra estreinatuko du bihar Bergaran

Actualizado: jueves, 3 febrero 2011 11:12

DONOSTIA, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

Glu Glu Producciones konpainiak "Nick Maritxu Nick Bartolo" izenburuko antzezlan berria estreinatuko du bihar Bergarako (Gipuzkoa) Zabalotegi Antzokian, gaueko 22:00etan hasita. Galder Perez da obraren egilea eta zuzendaria, eta taula gainean Ugaitz Alegria eta Ylenia Baglietto aktoreak izango dira, taldeko iturriek jakinarazi dutenez.

Antzerkiak eta dantzak bat egiten dute antzezlanean. Bi aktore taula gainean eta ezustekoz beteriko komedia da. "Eromenezko erritmoak" munduan eta denboran zehar eramango du ikuslea antzerki-bidaia komiko honetan: klasikotik futuristara, musikaletik dramara, beldurrezko eszenetatik epikoenetara, egoera absurdotik errealismora, patetismotik hunkigarritasunera, beti ere komedia nagusi dela.

Obraren istorioari dagokionez, Maritxu eta Bartolo ezizendun bi gaztek txatean topo egingo dute. Denbora batez internet bidez komunikatzen egon eta gero hitzordua egitea erabakiko dute, eta non eta opera bateko biltegi zaharrean pasatuko dute gaua elkarrekin. Bertan aurkitutako elementu guztietaz baliatuta bikotea jolasean arituko da. Bartolok kantuz iturria munduan zehar aurkitu nahi duen bitartean, Maritxuk sexuarekin gozatzeko asmoa dauka. Bata bide batean, bestea beste bidean, baina topo egingo al dute inoiz?.

"Maritxu, nora zoaz" kanta ospetsua abiapuntu hartuta, umorezko maitasun eta erotismo istorio honek bakoitzaren erokeriak itsututa begien aurrean dugun hori ikusten uzten ez digula kontatzeaz gain, helduek batzutan jolasaren zentzua ez galtzearen beharraz ohartzen digu.