Gobernantza +65 ekimenak 65 urtetik gorako herritarrek erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea sustatuko du

Actualizado: jueves, 30 junio 2016 11:54

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Gobernantza +65 ekimena jarri du abian, 65 urtetik gorako herritarren ezagutzei, beharrei eta interesei gizarte eta politika arloetako erabakietan zer leku eman hausnartzeko asmoz.

Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia 2015-2020 egitasmoan jasotzen den bezala, Euskadik nazioartean jada paradigma bihurtu den "longebitatearen iraultza" delakoari aurre egin behar dio. Gaur egun, Euskadiko herritarren %20,2k 65 urte baino gehiago ditu, eta, horietatik %31,5, 80 urtetik gorakoak dira. Etorkizuneko aurreikuspenen arabera, gainera, 2029rako 600.000 lagunek izango dute 65 urte baino gehiago, hau da, ia herritarren herenak, %29k zehazki.

Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia 2015-2020 hiru zatitan banatuta dago eta, horietako lehenak, gizartea zaharkitze prozesuari egokitzeko, gobernantza eredu berri bat behar dela zehazten du. Beste bi arloak dira hobeto zahartzeko aurre hartze eta prebentzioa, eta lagunkoitasuna eta partaidetza ongizate gizartearen eraikuntzan.

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak ostegun honetan Bilbon egindako prentsaurrekoan nabarmendu duenez, "euskal gizarteak sakoneko aldaketa bat bultzatu behar du egituran eta diseinuan, eta politika publikoetan, populazioaren banaketaren errealitate berrira egokitzeko".

"Aldaketa integrala bultzatuko duten politikak garatu behar ditugu 65 urtetik gorakoen populazio taldeak dagokion lekua bete dezan, ez bakarrik asko direlako, baizik eta dagoeneko euskal gizarte moderno eta garatuaren eraikuntzan duen rolagatik, zahartu ahala ere aberastasuna sortuz eta ezinbesteko balioak bultzatuz", azaldu du.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak Gobernantza +65 ekimena bultzatzea erabaki du. Hala, uda honetan bertan jarriko da martxan lau hilabete iraungo dituen parte hartze prozesua. Bertan, 100 lagun baino gehiago elkarlanean ariko dira egungo gobernantza eredua hobetzeko proposamenak landu asmoz. Azken batean, 65 urtetik gorako herritarrek eragiten dieten erabaki politiko eta sozialak hartzeko prozesuetan parte hartzeko bide berriak bultzatzea da helburua.

"Gobernantza eredu berriak 65 urtetik gorako pertsonak ez ditu hartu behar gizarte eta politika arloko erabakien arreta, kudeaketa eta plangintza objektu soil gisa, baizik eta erabakiak hartzeko orduan eskubide osoko subjektu gisa", nabarmendu du Amilibiak.

LAN BATZORDEAK

Partaidetza bideratzeko hiru lan batzorde osatuko dira arloka banatutako auzien inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko. Batzorde bakoitza 30 pertsona inguruk osatuko dute, eta lauzpabost lagunek izango dute dinamizatzaile rola. Parte hartzaileak honakoak izango dira: kolektiboaren aniztasuna ordezkatuko duten askotariko 65 urtetik gorako pertsonak, auziarekin lotutako Jaurlaritzako sailetako arduradun teknikoak, adinekoen elkarte sareko ordezkariak, eremu gerontologikoko erakundeetako ordezkariak, eta ezagutza, ikerkuntza eta garapen arloko adituen batzorde bat.

Saioen metodologia agenteen partaidetza bultzatzera bideratuko da, horretarako guztiek euren ekarpena egin dezaten bultzatuko duten galdera eta elkarrizketa ereduak baliatuz, betiere ikuspegi ahalik eta gehien jaso asmoz. Saio bakoitzak sarrerako marko teoriko bat izango du, aditu batek azalduko duena, eta jarraian eztabaida irekiko da, horretarako hainbat galdera erabiliz.

Lehenbiziko batzordea aniztasuna identifikatu eta aztertzen saiatuko da. Batzordearen helburua Euskadiko errealitatearen eta zahartzeak Euskadiko garapenean duen eraginaren inguruko argazki finko bat lortzea da, 65 urtetik gorakoek Euskadiren eraikuntzan izango duten rola eta euren barneratzea eta partaidetza aztertuz. Horrela, kolektiboak gogobeteko zahartze baten erronkei aurre egiteko dituen indarguneak eta ahulguneak aztertuko dira.

Bigarren batzordeak ezarriko du zein alderditan izan behar duten 65 urtetik gorako lagunek eragiteko eta erabakitzeko gaitasuna. Azken batean, adinaren ikuspuntua zer eskumen eremutan sartu behar den ikustaraziko duen ikuspegi transbertsal bat bultzatuko du. Hala, adinaren ikuspuntua kontuan izateko bideak eta metodologiak landuko dira, beharrezko prestakuntza eta gaikuntza lanak ere aurreikusiz.

Azkenik, hirugarren batzordeak aipatutako guztia nola gauzatu aztertuko du. Hala, konpromisoan oinarritutako lidergo eredua bilatuko da, bertoko zein munduko testuinguruen erronkak, egungo ordezkaritza ereduaren indarguneak eta ahulguneak zein indarreko marko legala aztertuz. Era berean, erreferentzia gisa baliagarriak izan daitezken estatu mailako zein nazioarteko esperientziak ere izango dira kontuan.

Gauzak horrela, prozesuan lortutako emaitzak izango dira Euskadik 65 urtetik gorako pertsonekin eta pertsonentzat abian jarriko duen gobernantza eredua berriro formulatzeko oinarria.