Gobernu zentralak EAEn egindako lan eskaintza publikoa salatu du EH Bilduk, "euskaldunei iseka egiten dielako"

EH Bilduk aurkezturiko legez besteko proposamena
EH BILDU
Actualizado 2018/02/09 16:52:06 CET

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

EH Bilduk Espainiako Gobernua gaitzestea eskatu du, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egin duen azken lan eskaintza publikoak (LEP) "euskaldunei iseka egiten dielako". Alderdiak legea urratzea egotzi dio Madrilgo Gobernuari, eta deialdia "berehala zuzentzeko" exijitu dio, "esleituko diren 340 plazetan euskararen ezagutza aintzat hartzea obligazioa delako".

Gobernu espainiarrrak lan eskaintza publiko berriaren deialdia egin du aste honetan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 340 plaza esleituko ditu administrazioan lan egiteko.

Horrela, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Javier de Andresek iragarri zuenez, deialdian ez da euskara aintzat hartuko, eta horrela, "Rajoyren Gobernuak indarrean dagoen legedia urratuko du". Izan ere, EH Bilduren arabera, legez, EAEko herritar orok eskubidea du euskara erabiltzeko administrazioarekiko harremanetan, "baita espainolarekin ere, eta administrazioaren ardura da lan deialdietan hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzea".

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, "finean, De Andresek esan zuen PPri eta Gobernu espainolari ez zaizkiela euskaldunon eskubideak axola, legedia urratzeko borondatea dutela eta, gainera, harro egiten dutela, inolako konplexurik gabe".

Legea urratzeaz gain, Uberaren arabera, De Andresek iragarritako lan eskaintza publikoa "iraingarria da eta iseka egiten die euskaldunei". Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak salaketa formala egin du, legez besteko proposamen baten bitartez, Eusko Legebiltzarrak Gobernu espainiarra gaitzetsi dezan, eta lan eskaintza publikoa berehala zuzentzeko eta EAEn bete beharreko plazak esleitzerakoan euskara aintzat hartzeko exijitu diezaion.