Goi hezkuntzako ebaluaketari buruzko hitzaldi-mintegi bat egingo da maiatzaren 20an Donostian

Actualizado: martes, 17 mayo 2011 16:32

DONOSTIA, 17 May. (EUROPA PRESS) -

GAZE Gipuzkoako goi hezkuntzan ekimen zentzumena eta ekintzailetasuna eragitea helburu duen programak hitzaldi-mintegi bat antolatu du maiatzaren 20rako Donostiako EHUko campuseko Joxe Mari Korta eraikinean, "Ekimen zentzua eta ebaluaketa goi-hezkuntzan" izenburupean eta EKINlab ekimenaren baitan. EKINlab GAZEk garatzen duen lan ildoetako bat da, Gipuzkoako irakasleen artean komunitate interinstituzional bat sortzea duelarik asmo nagusitzat.

Antolakuntzak adierazi duenez, jardunaldia goizeko 8:45ean hasiko da aurkezpen instituzional batekin, Itziar Alkorta EHUko Kalitate eta Irakasle Berrikuntzaren errektoreordearekin eta Iñaki Ibarra Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Jakintzaren Sustapen zuzendari nagusiarekin.

Lehen hitzaldiak "Ebaluaketa hezkuntzaren aldaketarako tresna moduan" du izenburu eta Universitat de Barcelona-ko katedraduna den Flor Cabrerak eskainiko du. Flor Ikerketa Metodologiak eta Hezkuntzako Diagnostikoen Departamentuko kidea da eta bere espezializazio-arloak gizarte-heziketaren, kultura arteko heziketaren eta herritarren heziketaren ebaluazio eta neurketa dira.

Ondoren, Gipuzkoako ebaluazioari buruzko ikuspuntu praktikoen bateratzea egingo da bi aurkezpen zehatzekin. Lehena Mondragon Unibertsitateko Sari Veripää-k eta Begoña Ugartek egingo dute, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan Graduaren baitan erabiltzen duten Rocket Model ardatz hartuta. Jarraian, EHUko Pedagogiako Graduaren koordinatzaile moduan, Ana Eizagirrek Moduluko Jakintzagaiarteko Ekintza azalduko du.

Atsedenaldi baten ostean, Amalio Reyek hartuko du hitza "Design Thinking" delako metodologiaren oinarriak azaltzeko. Amalio berrikuntza arloko aholkularitzan eta prestakuntzan aditua da eta gaur egun erreferente bihurtu da Espainian "Design Thinking" delakoaren inguruan.

ARRATSALDEKO MINTEGIA

Aurkezpen hau arratsaldeko mintegirako sarrera moduan erabiliko da, bertan irakasleek gaitasunetan oinarritutako ikastetan ebaluaketak dituen erronkak era praktiko eta sortzaile batetan ebazteko metodologia hau erabiliko baitute. Hain gai konplexua izanik, ez da ebaluazio-tresna hertsi eta blokezkorik espero; aitzitik, hainbat tresna praktikara eramatea proposatzen da, irakasleek eurek ebaluazio arloan dituzten eskariak asebete ahal izateko.

Jardunaldia arratsaldeko 18:00etan amaituko den arren, dagokion jarraipena izango du GAZE EKINlaben baitan antolatuko diren beste difusio eta elkarrekintza ekimenekin.

GAZE Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Sailak sustatzen du eta Gipuzkoako goi-hezkuntzako bost instituzioek bultzatzen dute: EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Tecnun eta TKNIKA.

GAZE gizarte berrikuntzako esperientzia irekia da eta ikasleek ez ezik, lurraldeko irakasle, ikertzaile eta gizarte-eragileek (enpresak, instituzioak, GKEak eta abar) ere parte hartzen dute. 2008an sortu zen eta ordutik hainbat jarduera egin ditu, betiere, Gipuzkoako ikasleen artean ekimenaren zentzua sustatzeko xedez.