Gonzalo Nardiz nekazaritza, arrantza eta elikagaingintzako sarietara hautagaitzak aurkezteko epea zabalik da

Actualizado: lunes, 13 enero 2014 13:00
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 13(EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak Gonzalo Nardiz sariak berreskuratu ditu, nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzaren sektoreetako pertsonen lana gizarte osoaren aurrean aintzat hartzeko helburuarekin. Hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu da gaur, urtarrilaren 13an, eta otsailaren 28a arte egongo da irekita.

   Lehen Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuaren izena -Gonzalo Nardiz Bengoetxea- daramaten sariak 2004an sortu ziren, nekazaritza eta arrantzako sektoreetan ibilbide profesionalak aintzat hartzeko. Orain, hamar urte geroago, indartu egin dira, aintzatespena elikagaigintzaren sektorera zabalduta.

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak maiatzean banatuko ditu sariak, nekazaritzan edo arrantzan garrantzi handiko ibilbide profesional luzea garatzeagatik nabarmendu diren pertsonen edo kolektiboen balioa gizartearen aurrean nabarmentzeko; nekazaritza sektorearen barruan, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta elikadurako sektoreak jasotzen dira.

   Saria jaso ahal izateko, ibilbide profesionala gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) garatu behar izan dute eta ibilbide horrek sendoa eta behar bezain luzea izan behar du.

   Hautagaitzak aurkeztu ahal izateko, gutxienez EAEko sektoreko bi eragileren babesa behar dute, bai eta hautagai gisa izendatutako pertsonaren edo kolektiboaren onespena ere. Halaber, memoria bat ere aurkeztu behar da; memoria horretan proposatutako pertsonaren edo kolektiboaren ibilbide profesionala zehazki jasoko da, oihartzun edo garrantziagatik berezitasuna ematen dioten alderdiak nabarmenduta.

   Agiriak Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapenerako eta Europako Politiketako Zuzendaritzara igorriko dira (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz), Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideetako edozeinen bitartez.

   Epaimahaiak apirilaren 30a baino lehen emango du epaia, eta saridunek "Hiru elementuak" izeneko Jabier Herreroren eskultura jasoko dute Lehendakaritzan egingo den jendaurreko aintzatespen ekitaldi batean.