Gonzalo Tejada, Iñaki Salvador eta EOSeko hari laukote bat ariko dira Miramongo Matineean

Gonzalo Tejada kontrabaxu-jotzailea
Foto: EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA
Actualizado: viernes, 10 febrero 2012 12:08

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Miramongo Matineeak zikloak entzule guztiei zuzendutako jazz kontzertu bat eskainiko du larunbat honetan, otsailaren 11n, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) egoitzan, Donostian. Gonzalo Tejada kontrabaxu-jotzaile eta konpositoreak "Jazza harien kontra" proiektu berria aurkeztuko du, eta lagun izango ditu Iñaki Salvador piano-jotzailea, Vincent Thomas bateria-jotzailea eta EOSeko kide Ortzi Oihartzabal, Jose Ignacio Aizpiri, Arkaitz Martinez eta Jon Larrazek osatutako hari laukotea.

   EOSeko iturriek jakinarazi dutenez, Tejadaren "Jazza harien kontra" proiektuak jazzean ohikoak diren instrumentuak musika klasikoan erabiltzen direnekin nahasten dituzten taldeen tradizioarekin bat egiten du.

   Jazzaren historian zehar, jada hastapenetik, talde hauen adibide ugari daude. 1950eko hamarkadan, jazzaren eraginpeko hainbat kantari komertzialek -'crooners' izenez ezagunak-, horien artean Bing Crosby edo Frank Sinatra, talde misto hauek lagunduta kantatu ohi zuten.

   Ondoren, 1960ko hamarkadan, eta Gunther Schulleren eskutik Third Stream izena erabili zen instrumentuen bi munduen bat egitea aipatzeko, baina horrez gain kontzeptu edo estiloen fusioa ere biltzen zuen. Egun, Vince Mendoza edo Maria Schneider bezalako konpositore eta moldatzaileek bide hau aztertzen dihardute, emaitza ederrak lortuz.

   Gonzalo Tejadak moldatzaile gisa proiektu honi heldu zionean, hiru gauza izan zituen argi hasieratik. Batetik, instrumentu-talde bakoitzak ezaugarri duen bere estiloa oinarri harturik lan egin behar zuela: hari-laukoteak modu klasikoan, kontzertaturik eta inprobisaziorik gabe, eta piano-hirukoteak, berriz, jazzaren baitan egiten duen modura, modu askeagoan eta interaktiboki.

   Bestetik, errepertorioari dagokionez, jazz kontzertua izatea du helburu, hari laukote batek lagundutako jazz talde batek interpretatua. Bere xedea ez da estiloen arteko fusioa gauzatzea, aurrez egin duen moduan. Azkenik, kontzertua edozein publikorentzat erakargarri gertatzea nahi du biziki.

   Gonzalo Tejadaren hitzetan, "urte askotan, konpositore eta interprete moduan, proiektu ez komertzialtzat hartuak izaten diren egitasmoak gauzatu ostean, oraingoan edoizen entzulegorentzat, jazzean aditua den ala ez kontutan izan gabe, aproposa izango den errepertorioa moldatu eta interpretatzearen sentsazio berriaz gozatu nahi nuen".

   Kontzertua goizeko 11:00etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertuaren egunean baita EOSen egoitzan, 10:30etik aurrera. Halaber, antolatzaileek gogoratu dute doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara joateko, 10:25ean Gipuzkoa Plazako 4 zenbakitik atera eta Antso Jakituna 18an eta Madrilgo Hiribidea 34an geldialdiak eginez.