Gorakada antzerki taldearen 25 urteko historia laburbiltzen duen erakusketa izango da ikusgai Arrigorriagan

Erakusketaren objektuetako batzuk
ARRIGORRIAGAKO NAZIOARTEKO PAILAZO JAIALDIA
Actualizado: jueves, 24 abril 2014 16:55

BILBO, 24 Abr. (EUROPA PRESS) -

Gorakada antzerki taldearen historia laburbiltzen duen "Gorakada 25 urte (1987-2012)" erakusketa irekiko dute Arrigorriagan (Bizkai) apirilaren 28an, eta maiatzaren 12ra arte izango da ikusgai, Arrigorriagako XIX. Nazioarteko Pailazoen Jaialdia bukatu arte, hain zuzen ere.

Eskularruzko txotxongikoak eta aktoreak abiapuntutzat hartuta, hainbat izan dira Gorakada taldeak bere lanetan erabili dituen teknikak zein estiloak. Horren lekuko gisa, antzezlan esanguratsuenetako txotxongilo zein eszenografiak ikusteko aukera izango da erakusketan, besteak beste, Titirikontu, Gondola Misteriotsua, Jim Altxor Uhartean, Robin eta Hood, Irudimendeko Hiria, Cyrano edo Ogro Txikia.

Arrigorriagako Pailazoen Jaialdiko arduradunek azaldu dutenez, erakusketan ikusgai dauden objektuen aukeraketa "lan mardula" izan da, kontuan hartuta konpainiak 25 urte hauetan 23 ikuskizun taularatu, 1.900 emanaldi baino gehiago eskaini eta Euskal Herriko, estatu espainiarreko zein nazioarteko jaialdi ezberdinetan parte hartu duela.

"Hasiera hasieratik, familiei zein haurrei zuzendutako lanak eszenaratu dituzte, abenturaz eta magiazko munduak sortuz, eta hori bera da erakusketa honek isladatu nahi duena, bertaratuko den bisitaria abentura, magia eta ilusioz beteriko mundu liluragarrian murgilduko da", azaldu dute.

"Gorakada 25 urte (1987-2012)" ikusgai izango da Arrigorriagako udaletxeko erakusketa gelan apirilaren 28tik maiatzaren 12ra, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara, eta igandean 12:00etatik 14:00etara.

Erakusketa Arrigorriagako Nazioarteko Pailazoen Jaialdiaren XIX. edizioko programaren aurreneko jarduera bada ere, maiatzaren 9, 10 eta 11n zehar ez da faltako umorea, pailazoak, akrobaziak eta musika. Orotara 13 ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da, estatu mailako hiru estreinaldi eta Euskal Herri mailako beste hiru tartean.