Goran Bregovic arituko da ostiralean Getxoko Folk Jaialdian

Actualizado: jueves, 3 septiembre 2015 14:06

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Goran Bregovic eta bere ezkontza eta hileta orkestra izango dira protagonistak ostiralean, irailaren 4an, Getxoko (Bizkai) XXXI. Nazioarteko Folk Jaialdian. Sarajevoko artista Areetako Geltokia plazan izango da 21:00etan, eta aurretik, 19:00etan, Andres Penabad soinu jotzaile galiziarra arituko da plazako ondoko aparkalekuan. Irlandako Moxie talde gazteak itxiko du eguneko egitaraua toki berean gaueko 23:00etan, antolakuntzak jakinarazi duenez.

   Goran Bregovic Balkanetako musikaren bikaintasun eta une gorenari lotuta dago, Emir Kusturikaren hiru film ezagunenetako soinu bandei esker, nazioartean ezagun egin zenetik. Artistak mundu osoan zabaldu Balkanetakoa musika, inguru horretako eragin eta estilo guztiak barne hartzen dituena, hala nola Jugoslavia ohiko herrialdeetakoak, Mazedoniakoak, Greziakoak, Errumaniakoak, Turkiakoak eta Bulgariakoak. Protagonismo handia dute Bulgariako ahots garaiek eta ijitoen musikak, izan ere, Sarajevotik, ijito kulturari eskainitako fundazio bat zuzentzen du.

   Halaber, 19:00etako kontzertuaren protagonista Andres Penabad izango da, Galiziako folk berriaren izen adierazgarrienetako bat, hain zuen ere. Ibilbide profesional luzeko soinu jotzailea, Muxarega taldearekin hasi zen folk munduan da eta handik gutxira banda utzi zuen, "8 soños" lehen diskoa ekoizteko. Os Feroces da Galgueira taldeko kide sortzailea izan zen, eta hainbat talde eta artistarekin elkarlanean aritu da, besteak beste, Susana Seivane, Luar Na Lubre, Ulträgäns, Xabi Aburruzaga eta Kepa Junkerarekin. Hamarkada batez estudioko lanetan aritu ondotik, "Crossing" debuteko diskoa aurkeztuko du. Horretan bere konposizioak, beste egile batzuenak eta baita herri kantak bildu ditu.

   Eguneko egitaraua osatzeko, 23:00etan, Moxie boskote irlandar gaztea jardungo da. 2011. urtean eratu zen taldea eta ordutik hona tradizio oinarri sendoa ardatza duen musika garatu du. Horri jazz, rock, bluegrass eta musika etnikoaren erritmoak gehitu dizkiote eta nahasketa aberatsa eta konplexua sortu dute bai taldearen beraren konposizioetan, bai tradiziozko abestietan ere, ukitu berria eta zirraragarria lortuta.

BESTE JARDUERAK

   Folk Getxo BBKn ohikoa denez, kontzertuak ez ezik, jaialdian zehar beste jarduera batzuekin gozatzeko aukera izango dute bisitariek. Horrela, Gune Solidarioan, GKEek zein beste elkarte batzuek beren lana eta proiektuak emango dituzte ezagutzera. Bidezko Merkataritzako produktuen salmenta ere egongo da.

   Halaber, hainbat herritako eskulanak gerturatzen dituen Munduko Eskulangintza azoka ez da faltako, eta Munduko Terrazan jatorri anitzeko jakiak dastatzeko aukera izango da. Horrez gain, Eskoziako The Royal Burgh of Stirling Pipe Band taldea eta Galiziako Santa Marta de Ortigueirako gaita eskolako banda kalejiran arituko dira jaialdiko esparruaren inguruetan.