Gorbeia, Kontserbazio Bereziko Eremu

Gorbeia, Kontserbazio Bereziko Eremu
IREKIA
Actualizado: martes, 8 marzo 2016 12:21

GASTEIZ, 8 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Natura 2000 Sarearen barneko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu du Gorbeiako naturagunea, Araba eta Bizkai artean kokatuta dagoena. Natura 2000 Sarea da Europako erakundeen apustu nagusia, Europar Batasunaren eremuan biodibertsitatea babesteari dagokionez.

   Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak azaldu du Gorbeia bi aldiz dela naturagune babestu, "Natura Parkea delako eta Natura 2000 Sarearen barneko Kontserbazio Bereziko Eremua delako". Gainera, Itxinako Biotopo Babestuaren esparruan dagoela gogorarazi du.

   "Ikuspegi teknikoaren arabera, eremu horretan Europako Zuzentarauan sartutako Batasunaren intereseko 27 habitat mota hauteman dira. Gorbeia ekosistema aberastasun handiko eremua da, eta horiek egoera onean daude; milaka urtean erabili dira abeltzaintzarako", nabarmendu du.

   Natur balio eta ingurune aniztasun handiko eremua da Gorbeia, baso natural, txilardi eta belardi menditar, harkaiztegi, hezegune -Altubeko urmaelak, Saldropoko hezegunea, esfagnadiak- eta errekastoak baititu. Halaber, flora espezie batzuren habitatak daude, zehazki, Narcissus pseudonarcissus ssp.nobilis, Iberiar penintsulako iparraldeko endemismoa, Gorbeiak ekialdeko muga zedarritzen duena; Narcissus asturiensis; Trichomanes speciosum; eta Spiranthes aestivalis orkidea espezieenak.

ESPEZIE MEHATXATUAK

   Oregik azaldu duenez, Kontserbazio Bereziko Eremu berrian espezie mehatxatuen Euskadiko katalogoko "Arriskuan" kategorian sartutako zortzi espezie eta "Kalteberak" kategorian sartutako zazpi espezie daude. Bere esanetan, Gorbeiako hegazti fauna kontserbazio egoera onena duenetako bat da ingurune menditarren artean, baita adierazgarrienetako bat ere, espezie adierazgarrien komunitatea ondo egituratuta dagoelako, zehazki, basoei, harkaiztegiei eta espezie garai menditarrei dagokienez.

   Ugaztunak ere interes bereziko taldea dira; nabarmenenak, muxar grisa, ipurtatsa, lepahoria eta basakatua -kontserbazio lehenetsiko espeziea Europan-. Aldika, bisoi europarra eta igaraba ere ageri dira, bata zein bestea galzorian dauden espezie gisa katalogatuta daudenak EAEn. Gorbeian, halaber, interes bereziko narrastiak daude, tartean, apoarmatu istinzalea edo Schreiber muskerra. Era berean, urlehortar asko dago (lau urodelo eta zazpi anuro), baita arrainak eta ornogabeak ere.

   Gorbeiaren izendapena proposatzeko kontuan hartutako natur eta ekologia balioez gain, kontuan hartu behar da EAEko paisaian "erreferentzia nagusietako bat" dela, eta "sinbolo izaera" ere eskuratu duela, "kulturaren ikur adierazgarritzat ere hartzen baitute euskal herritar guztiek eta inguruetako biztanleek".

   Gorbeia azalera handiko mendilerroa da. Kantauri eta mediterraneo isurialdeen banalerroan kokatuta dago, zati bat Bizkaian eta beste bat Araban. Eremu garaia denez, klima menditarra du: mendilerroa horma gisako bat da Bizkaiko golkotik datozen haize hezeentzako, eta horrek desberdintasun handiak eragiten ditu iparraldeko isurialdearen (hezeagoa) eta hegoaldekoaren (lehorragoa eta eguzkitsuagoa) artean.

   "ES2110009 Gorbeia" espazioa eskualde biogeografiko atlantikoan kokatuta dago. Azaleraren zatirik handiena (%62) Arabako lurralde historikoan dago, eta gainerakoa, iparraldeko isurialdekoa, Bizkaiari dagokio.