Gordexolako San Jorgeren erliebea zaharberritu du Bizkaiko Aldundiak

Berreskuraturiko lana
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 27 febrero 2014 14:01

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Arloak San Jorgeren erliebea kontserbatu eta lehengoratzeko lanak egin ditu Sandamendiko baselizan, Gordexolan. Obra hau zaharberritzeko tratamenduak 2013. urtean zehar egin dira.

   Francisco Martinez de Arcek egin zuen obra, 1672an. Bizkaian eta Kantabrian XVII. mendearen azken laurdenean jardun zuten eskultore barrokoetatik garrantzitsuena da Martinez de Arce, foru erakundeko iturriek adierazi dutenez.

   San Jorgeren irudia erdi-erliebean landuta dago intxaur zurean, polikromatua da eta hainbat aldiz birmargotu dute. Zurezko bi piezak osatzen dute erliebea, "miru-buztan" batez mihiztatuta, burdin forjatuzko antzinako bi iltzek eusten dietela. Irudiak 1,14 metroko garaiera du eta 1,03 metroko zabalera.

   San Jorgeren erliebea santu horren izeneko baseliza batean egon zen. Baseliza hori desagertu zenean irudia baldarki lotu zuten San Andresen erretaularen atikoan, eta harrezkero bi santuek tenpluaren titulartasuna partekatzen dute.

   Erliebea kontserbatu eta zaharberritzeko lehenengo lanak 1995-1996 urteetan egin ziren. Hasteko, oinarrizko lanak egin ziren: gainazala garbitu, intsektuak kendu, polikromia finkatu eta ez oso aspaldi pintura industrialez emandako margo-geruza guztiak kendu. Gero, esku hartzea amaitzeko, koloregabetutako guneen lehengoratze kromatikoa egin zen.

   Piezaren kontserbazio egoera oso delikatua zen. Izan ere, inguruko hezetasunaren eta zuzenean sartutako uraren eraginez, polikromia euskarritik askatuta zegoen. Horregatik, margo geruza guztiak behar bezala finkatuz hasi da esku hartzea. Gero aztertu egin dira bata bestearen gainean zeuden polikromia guztiak, horien kontserbazio egoera eta kronologia.

   Obra kontserbatu eta zaharberritzeko esku hartzea ahalik eta leunena izan da. Beharrezkotzat jotzen zen obraren irakurketa orokorra lortzea, eta horretarako erabaki da gainjarritako margo geruza batzuk kentzea, osotasunaren irakurketa kronologiko homogeneoa sortu nahian.

   Honelako obrei eta oro har ondasun higigarriei erasaten dieten patologia nagusiak hainbat motakoak dira, bai intrintsekoak zein estrintsekoak: objektua kokatuta dagoen higiezina, barrualdeko hezetasun erlatiboa eta tenperatura, higiezinaren kontserbazio baldintzak, horiek guztiek eragin handia izango dute obraren kontserbazioa egokia edo txarra izateko.

   Obran beren aztarna uzten duten eragileak ere hainbat dira: egileak erabilitako teknika, elkarreraginean dauden material askotarikoak, material horiek zahartu ahala gertatzen diren aldaketa kromatikoak, polikromia altxatzea, zatiak askatzea eta, horiekin guztiekin batera, kanpoko degradazio faktoreak, hala nola intsektu xilofagoen erasoak edo prestakuntzarik gabeko langileen esku hartze ezegokiak.