Grabitazio uhinei buruzko hitzaldia eskainiko dute Donostian aurkikuntzaren bi protagonistak

Grabitazio uhinen aurkikuntza izango dute hizpide
EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 25 febrero 2016 17:27

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

   Grabitazio uhinen detekzioan parte hartu duten bi zientzialarik hiritar guztiei zuzendutako hitzaldi publikoa eskainiko dute Donostian datorren astelehenean, otsailaren 29an. Grabitazio Uhinen Laser Interferometria bidezko Behatokian (LIGO) gauzatu den eta mundu mailan ikusmin handia sortu duen mugarri zientifiko berriaz arituko dira Alicia Sintes eta Sascha Husa fisikariak.

   Illes Balears Unibertsitateko (UIB) Erlatibitate eta Grabitazio taldeko kideak dira biak, hain zuzen ere, LIGO Kolaborazio Zientifikoan parte hartu duen ikerlari talde espainiar bakarra. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) gonbidatuta, 3.000 kilometrora bereizita dauden bi detektagailu ultra zehatzek osatutako Advanced LIGO behatokian (AEB) lehen aurkikuntza handi hau nola gauzatu den azalduko dute.

   DIPCk gogorarazi duenez, duela bi aste inguru, lehenengoz grabitazio uhinak hauteman zirela iragarri zen mundu mailan. Grabitazio uhinak espazio denboraren deformazioak dira eta Lurrera bidaiatzen dute unibertso urruneko gertakizun katastrofikoen berri emanez. 1915ean, Erlatibitate Orokorraren Teorian Albert Einsteinek iragarri zuen grabitazio uhinen existentzia, baina ehun urte itxaron behar izan dira zuzen zebilela frogatzeko. LIGOn gauzatu den esperimentu honek, Einsteinen iragarpena berresteaz gain, leiho berri bat ireki du unibertsoaren ezagueran.

   Hitzaldia, DIPCk Kutxa Gizarte Ekintzaren laguntzarekin bultzaturiko "Kutxa Lectures" hitzaldi saioen baitan antolatu da. Hitzordua arratsaldeko 19;00etan izango da, datorren astelehenean, otsailaren 29an, Donostiako Kutxa Andia Aretoan. Gaztelaniaz izango da eta sarrera librea eta doakoa da aretoaren edukiera bete arte.