Grace Kellyren kapadun konjunto bat da otsaileko pieza Cristobal Balenciaga Museoan

Grace Kellyren traje bat da otsaileko pieza
Foto: CRISTOBAL BALENCIAGA MUSEOA
Actualizado: viernes, 3 febrero 2012 15:33

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

   Cristobal Balenciaga Museoak, inauguratu zen egunetik, hileko pieza bat aurkeztu du hileko lehenengo igande guztietan, eta oraingoan, Grace Kelly Monakoko printzesa zenaren eguneko kapadun konjunto bat izango da protagonista. Otsaileko piezaren aurkezpena igande honetan, otsailaren 5ean, izango da, 12:30ean euskaraz eta 13:00etan gaztelaniaz.

   Museoko arduradunek jakinarazi dutenez, 1960ko hamarkada hasierako trajea da eta hiru pieza ditu: gorputza, gona eta kapa. Gorputza zuzena eta luzea da, eta aldakaraino iristen da. Lepo luzea eta aurrealdean irekia du, botoien bidez ixten den taparekin. Diru-zorro poltsikoak eta mauka luzeak ditu. Gona ere zuzena da, gerrian tolestua eta gerri zerrenda estuarekin. Ezkerreko aldean ixten da kremaileraz. Kapa sei oihalekin eginda dago; belauneraino iristen da, lasaia eta zuzena da eta eskuak ateratzeko irekidurak ditu.

   Konjuntoa neguko sasoirako egin zen 1962ko neguan, Parisen. Kristobal Balentziagak hiru jantziz osatutako konjuntoa sortu zuen, gizonezkoen trajeak egiteko asko erabiltzen zen 'cheviot' delako oihal tradizionalarekin. Halere, gizonezkoen trajearen interpretazioa izan beharrean, pieza guztiak jantzi tradizionaletan oinarrituta daude; jertsean eta kapan, kasu honetan. Kapa, gainera, oso modan zegoen 1960ko hamarkadan.

   Cristobal Balenciaga Museoa Cristobal Balenciaga Fundazioaren ekimena da, eta Getarian (Gipuzkoa) jaiotako moda-sortzaile bikainaren eta bere obraren garrantzia zabaltzea eta sustatzea du helburu. Izan ere, Getariako sortzailea lehen mailako nazioarteko erreferentzia izan zen arte sorkuntzan, oro har, eta modaren eta goi mailako joskintzan bereziki, batez ere XX. mendeko bigarren erdian. Museoa 2011ko ekainaren 7an inauguratu zen.

   Museoa asteartetik ostegunera egoten da zabalik, 10:30etik 17:00etara. Ostiraletan, larunbatetan eta jai-bezperetan 10:30etik 20:00etara egoten da irekita, eta igande eta jaiegunetan 10:30etik 18:00ak arte. Bisita gidatuak egunero egin daitezke, 12:30ean eta 16:30ean, eta audiogidak erabiltzeko aukera dago. Museoko sarrerak 8 euro balio du eta barnean hartzen du adierazitako bisita gidatua egiteko aukera.