Gramones taldeak "It's Alive" disko mitikoa osorik interpretatuko du ostiralean Bilboko Kafe Antzokian

Gramones Bilbon ostiral honetan
Kafe Antzokia
Actualizado: jueves, 5 enero 2012 11:45

BILBO, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gramones taldearen kontzertua antolatu du Bilboko Kafe Antzokiak ostiral honetarako, urtarrilaren 6rako. Aretoko ateak 21:30ean irekiko dira eta kontzertua 22:00etan hasiko da, Botxo Boogies taldearen emanaldiarekin, Kafe Antzokiko iturriek jakinarazi dutenez.

Gramones taldea The Ramones talde mitikoaren omenezko banda ezaguna da. The Ramones taldea desagertu ondoren talde andana egon da New Yorkeko taldearen abestien bertsioak egin dituena, baina Gramones taldeak daukan zuzenekoak ez dauka parekorik, oso osorik jotzen baitute "It's Alive" zuzeneko disko mitikoa.

1997an sortu zen taldea, besteak beste, Euskal Herriko punk rock eszenako kide ezberdinek osatua. "It's Alive" rock and rollaren historian egon den diskorik garrantzitsuenetarikoa da, belaunaldi ezberdinentzako eragin nabariarekin, eta Gramones taldeak goitik behera jotzen du maisuki: The Ramones taldearen arropa berbera janzten dute, pelukak erabiltzen dituzte, istrumentu berberak daramatzate eta The Ramones taldeak 1976ko Gabon Zaharrean jotzen zuen moduan jotzen dute.

Gramones taldearen antzekotasuna goraipatua izan da hainbat lekutan, besteak beste, Bordele, Tarbes, Oradour sur Glane, Mont de Marsan edota Angulema moduko hirietan aritu delarik. Frantzian egindako dokumental batean ere parte hartu dute; bertan musikari ezberdinak The Ramones taldearen inguruan mintzo dira. Marky Ramone bateria-jotzailearekin batera ere jo dute eta Gotzon Hermosilla kazetariak idatziriko "Ramones familia maitagarria" liburuan ere azaltzen dira. Hala ere taldeak ez ditu emananaldi asko eskeintzen eta ez da erraza izaten zuzenean ikustea.