Gripeak gora egin du EAEn urteko hirugarren astean eta 100.000 biztanleko 260 kasu erregistratu dira

Gripeak gora egin du
GETTY//DIRIMA
Actualizado: jueves, 28 enero 2016 17:22

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Gripearen jarduerak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urteko hirugarren astean, eta 100.000 biztanleko 259,7 kasu erregistratu dira. Datu hori bat dator urteko sasoi honetarako aurreikusten zen mailarekin, aurreko denboraldietan bezala.

   Urteko lehen asteetan gripearen jarduerak gora egin ohi du, eta zenbait aste jarraian iraun ohi du joera horrek. Aurreko asteetan bezala, gripearen jarduera handiagoa da 15 urtetik beherakoen artean, birusaren zirkulazioa handiagoa delako haien artean.

   Mediku Jagoleen Sareak emandako datuen arabera, egindako analisi mikrobiologikoek egiaztatu dute A motako birusari dagozkiola egindako isolamendu gehienak, eta, horren barruan, H1N1 birusa gailentzen dela.

   Era berean, denboraldia hasi zenetik, gripe baieztatua dela-eta ospitaleratutako 22 kasu erregistratu dira, horietako batzuk, larriak.  Erdia baino gehiago (14 kasu) txertoa hartu beharko luketen arrisku taldeetakoak ziren, eta %80k ez zuten hartu 2015-16 denboraldiko gripearen aurkako txertoa.

   Pasa den astean, gripearen sindromeak Osakidetzako lehen mailako arretarako sarean eragindako kontsulten kopuruak ere gora egin zuen. Horrela, egun horietan zehar 3.437 kontsulta egin ziren guztira, aurreko asteko kopurua bikoiztuz.

   Ohiko larrialdien urteko batez bestekoarekin alderatuta, azken astean Osakidetzan artatutako ospitaleko larrialdien kopuruak %9,7ko igoera izan du. Etengabeko Arreta Guneetan %8ko igoera jazo da azken astetan, urteko batez besteko kopuruarekiko. Gorakada hau gertatu arren, Osakidetza "normaltasun osoz" ari zaie arreta ematen erabiltzaileei.

GOMENDIOAK

   Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gogorarazi du gripea gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela berezko tratamendu berezirik. Atseden hartzea eta likido eta antitermikoak kontsumitzea sukarra eteteko dira gomendio nagusiak.  Sukarrak luze irauten badu eta gripearen ondorioz osasun arreta behar izanez gero, osasun zentrora edo Arreta Jarraituko Puntuetara jo beharko da, eta medikuen aginduak jarraitu. Beste gaixotasun batzuk izatearen ondorioz gerta litezkeen konplikazio larriagoen kasuetan, ospitaleetako larrialdi zerbitzuetara jotzea gomendatzen da.

   Era berean, garrantzitsua da kontuan izatea, transmisio eta kutsatze indize handia duenez, ezinbestekoa dela prebentzio neurri higienikoak hartzea; adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

   Azkenik, gogorarazi du Osakidetzak prest duela, beste urteetan garai honetan bezala, ospitale azpiegitura osoa gripearen ondoriozko konplikazioak dituzten pertsonak artatu eta ospitaleratu ahal izateko eta behar den moduko laguntza eskaini ahal izateko.