Gripearen eragin tasa 100.000 biztanleko 255,63 kasura iritsi da Euskadin 2014. urteko lehen astean

Gripearen txertoa jasotzen
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 9 enero 2014 13:19

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Mediku Jagoleen Sareak (sasoikako gripea zaintzeko urtero aktibatzen den sarea) eskainitako datuen arabera, 2014. urteko lehen astean gripearen eraginak gora egiten jarraitu du eta 100.000 biztanleko 255,63 kasura iritsi da, aurreko asteetako goranzko joeraren ildotik. Hala ere, gorakada handiagoa izan da oraingoan.

   Urteko lehen asteetan ugaritu egin ohi dira gripe kasuak, eta maiz izaten dira urteko eragin tasa altuenak. Haur eta gazteek pairatu ohi dute gehien olde hori. Horrela, 0 eta 4 urte bitarteko haurrek dute orain tasarik handiena, 809 kasu 100.000 biztanleko, eta 5 eta 14 urte bitartekoek hurrena, 344 kasu 100.000 biztanleko.

   Halaber, sasoiaren hasieraz geroztik, ospitaleratu beharreko 33 kasu larri izan dira, egiaztatuta, programan parte hartzen duten hiru ospitaleetan, eta horietatik 19 (hamar emakume eta bederatzi gizon) ZIUra eraman behar izan dituzte.

   Ospitaleratutako gaixoen %61 txertoa hartu gabeak ziren, gripearen aurkako txertoa hartzea gomendatzen zaien arrisku taldekoak izan arren. Datu horrek indartu egiten du txertoa hartzeak arrisku gehigarriak dituzten pertsonengan duen prebentzio balioa: infekzioa gertatuta ere, gaixotasuna larritzea eragozten du txertoak.

   Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak darabiltzan datuen arabera, aurtengo sasoian hauteman diren birus guztiak A motakoak dira, aurtengo txertoan sartutakoak bezala. Beraz, aurten atzemandako birus guztien kontra balio luke txertoak.

   Hori guztia dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak berriz azpimarratu dute zein garrantzitsua den txertoa hartzea gripearen kontrako prebentzio neurri gisa, eta gripearen aurkako txertatze sasoian txertatzearen beharra nabarmendu dute, gaixotasunaren jarduera hasi aurretik immunizatuta egoteko.

   Kasuen kopuruaren gorakada ikusita, Osakidetzak, kasuen jarraipena egiten baitu, prest dauka ospitaletako azpiegitura guztia gripeak eragindako konplikazio larrienak dakartzaten gaixoak artatzeko. Gainerako kasuetan, Osakidetzak gomendatzen du gripearen edozein sintoma antzemanez gero, osasun zentrora edo Arreta Jarraituko Puntuetara joatea osasun arreta jasotzeko.

   Urteko lehen astean 2.359 kontsulta egin dira Osakidetzan gripearen sintomak zirela eta, hau da, aurreko astean baino %64 gehiago. Lurraldeka, tasa handiena Gipuzkoan hauteman da, Bizkaiaren eta Arabaren aurretik.