Gripearen eragina nabarmen jaitsi da Euskadin urteko hamaikagarren astean

Gripearen aurkako txertoa hartzen
Europa Press
Actualizado: miércoles, 20 marzo 2013 13:48

BILBO, 20 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gripearen eragina nabarmen jaitsi da 2013. urteko hamaikagarren astean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta horrela, intzidentzia-tasa 130,72 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, aurreko zazpi egunetan jasotakoa baino nabarmen txikiagoa, orduan 235,73 kasu izan baitziren 100.000 biztanleko. Gainera, zortzigarren astean erregistratutako denboraldiko erpin garaienetik urrun dago oso, orduan 301,2 kasu izan baitziren.

Jaitsiera adin-talde guztietan hauteman da, baina 0 eta 4 urte artekoen intzidentzia-tasa aurreko astekoaren maila bertsuan dago. Isolamenduen ehunekoari dagokionez, orain arteko maila bertsuan dago, hautemandako birus kopuruak behera egin duen arren. Denboraldia hasi zenetik, A eta B motako birus-zirkulazio mistoa egon da, nahiz eta B motako birusa ugariagoa izan den.

Euskadiko Mediku Jagoleen Sareak jakinarazi duenez, 2012. urteko 40. astean denboraldia hasi zenetik, gripeagatik ospitaleratutako 34 kasu larri izan dira jagoletzan parte hartzen duten hiru ospitaletan. Ospitaleratutakoen %68 gizonezkoak izan dira, %47 16 urtetik beherakoak, eta %18 64 urtetik gorakoak.

Konplikazioei dagokienez, gehienek -29k- pneumonia garatu dute, eta 19 zainketa berezien unitatera eraman behar izan dituzte. Ez da heriotzarik izan. Halaber, pazienteetako 16 arrisku-taldeko pertsonak ziren eta horietatik %60 gripearen aurkako txertoa hartuta zeuden.

Bestalde, gripearen sindromeak eragindako kontsulten kopurua jaisten ari da Osakidetzako lehen mailako arretan, eta horrela, aste honetan %32 murriztu da aurreko zazpi egunen aldean. Tasa hiru lurraldeetan jaitsi da, eta Gipuzkoan erregistratu dituzte kontsulta gehien; ondoren, Bizkaian, eta gutxien, Araban.