Guggenheim Bilbao Museoa, irekita udako astelehenetan

Guggenheim sol
Foto: EUROPA PRESS
Actualizado: viernes, 3 julio 2015 16:47

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoa uztaileko eta abuztuko astelehen guztietan zabalik egongo da datorren astelehenetik, uztailaren 6tik, aurrera, 10:00etatik 20:00etara. Udaldian Bilbora bisitari asko etortzen dira eta haiei arreta egiteko asmoz egingo da aldaketa hau. Arrazoi beragatik, Bistró Guggenheim Bilbao jatetxeak ere udaldian ordutegia luzatuko du, museoko arduradunek adierazi dutenez.

   Museo bilbotarrera udan gerturatzen direnek honako arte programazio erakargarriaz gozatu ahal izango dute: Jeff Koonsen erakusketa arrakastatsua; zabaldu berria den "Jean-Michel Basquiat: Bada garaia"; eta museoak urtero aurkezten duen "Artea ikasbide" saila, EAEko ikasle talde batzuek landutako obra sorta erakusten duena. Halaber, lehenengo solairuan, uztailaren 16tik aurrera Shahzia Sikanderren bideoinstalazioa egongo da ikusgai, Film & Video gunean.

   Bistró Guggenheim Bilbao jatetxean eta Bar Guggenheim Bilbao tabernan ere udako ordutegiarekin arituko dira, eta astelehen guztietan zabalik egongo dira. Bistró Guggenheim Bilbao jatetxean abangoardiako ikuspegitik interpretatzen dituzte usadiozko Bilboko jakiak, eta nortasun handiko gune informal baina berezian dasta daiteke karta neurrizko prezioan, bazkaltzeko nahiz afaltzeko. Terraza ikusgarria, gainera, goizaldeko ordu 1era arte zabalik dago.

   Bar Guggenheim Bilbao taberna ere 09:30etik 20:30era zabalik egongo da. Bertan, Bizkaiko produktu onenak eta abangoardiako sukaldaritzak bat egiten dute.