Guggenheim Bilbao Museoa, Guggenheim Helsinki proiektuaren alde

Guggenheim Helsinkiren aldeko iritzia eman du Bilboko museoak
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 1 marzo 2012 13:13

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Batzorde Betearazlea ostegun honetan batzartu da Guggenheim Helsinki proiektua aztertu eta horri buruzko jarrera erabakitzeko eta baiezkoa eman dio.

   Batzorde Betearazlearen aburuz, Guggenheim Sarearen baitan museo-espazio berri bat irekitzea "ezin daiteke mehatxutzat hartu". "Izan ere, guztiz ezberdinak dira bakoitzak erakarri nahi duen publiko motaren jatorri geografikoa eta eredu kontzeptuala. Hori dela eta, lehian ibili beharrean elkarlanean arituko dira eta ikuspegi eta helburu ezberdinetatik abiatuta batak besteari modu positiboan eragingo diote", azaldu du.

   Helsinkiko proiektuak "aukera berriak" eskainiko dizkio Bilboko museoari: jarduera-eremuak zabalduko dizkio, hainbat lurraldetan banatutako sare baten baitan sinergiak sortaraziko ditu, Guggenheim markaren nazioarteko irudia hobetuko du eta Guggenheim Bilbao Museoaren garrantzia indartuko du Sarean. Horrez gain, Bilbo eredua izango da Guggenheim erakundeek garatzen ari diren proiektu berrietarako, esate baterako, Guggenheim Abu Dhabirako edo aipatutako Helsinkiko proiekturako.

   Hori guztia dela-eta, Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Batzorde Betearazleak erabaki du bere onespena ematea Helsinkiko proiektuak aurrera egin dezan, beti ere Solomon R. Guggenheim Museumek antolatutako erakusketak Europara etortzen direnean aurreneko egoitza izateko aukera Bilboko museoari eskaintzen bazaio.

   Hartara, Europako egoitzetako erakusketen kostuak banatu egingo lirateke, dirua aurreztuz, eta, gainera, elkartrukea sortuko litzateke alderdi tekniko, profesional, artistiko eta kulturaletan. Horrek denak ezagutza sortzea eta banatzea ahalbidetuko luke, bakoitzaren identitatetik abiatuta kultura aberastea ekarriko luke eta, halaber, elkarlanean proiektuak egiteko aukera emango luke.

   Guggenheim Bilbao Museoak iritzia emateko eskubidea izango du Helsinkiko proiektuan sor litezkeen aldaketen inguruan eta, Europan beste edozein Guggenheim proiektu egitekotan, onespen eskubidea ere izango du, orain arte bezala.