Guggenheim Bilbao Museoak "Bill Viola: atzera begirakoa" irekiko du ekainaren 30ean

Bill Violaren lana Guggenheim museoan
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: jueves, 1 junio 2017 14:12

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Guggenheim Bilbao Museoak "Bill Viola: atzera begirakoa" erakusketa aurkeztuko du ekainaren 30etik azaroaren 9ra. Viola "gure garaiko artista garrantzitsuenetako bat" dela nabarmendu dute museoko arduradunek, eta "bideoartearen garapenean aitzindaria" izan dela. Museo bilbotarrak bere ibilbidean zehar "bidaia tematiko eta kronologiko bat egiteko aukera" eskainiko du.

"Anbizio handiko erakusketa honek Violaren lanaren ikuspuntu osoa eta ikus-entzunezko arteak forma artistiko gisa izan duen bilakaera azaltzen du", adierazi dute. Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du erakusketa, Iberdrolaren babesarekin, eta komisarioa Lucia Agirre da.

Bill Viola (New York, 1951) 1970eko hamarkadaren amaieran hasi zen bideoartearekin esperimentatzen, Sirakusako Unibertsitateko (New York) Ikasketa Esperimentalen programan parte hartu ondoren. Bere irakasle Jack Nelson zen programaren zuzendaria. Sirakusan ezagutu zuen David Ross (bideoarteko kontserbatzailea), eta Peter Campus eta Nam June Paik Media Art deitutakoaren baitako pertsonaia ikonikoen laguntzaile gisa jardun zuen lanean Everson Museum of Art museoan.

Mistizismoan, poesian, eta ekialdeko nahiz mendebaldeko filosofietan interesa zuen Violak, eta bideoaren baliabide teknikoak erabili zituen tresna gisa, giza izatea, jaiotza eta heriotza, aldaketa prozesuak, berpizkundea eta antza aldaketa bezalakoak etengabe ikertzeko, bere obran nabarmenak diren gaiak, hain zuzen.

"Bill Viola: atzera begirakoa" erakusketak New Yorkeko artistak bideoarekin izandako bere lehen esperientzietara egiten du atzera, eta kanal bakarreko zinta goiztiarrak erakusten ditu, "Lau abesti" (Four Songs, 1976)eta "Urmael islatzailea" (The Reflecting Pool, 1977-79) kasu. "Zinta horien eduki poetikoak denboraren nozioa eta horren deseraikitzea bezalako gai garrantzitsuak lantzen ditu, bai eta gure existentzia eta munduan dugun tokia ere", azaldu dute.

1980ko hamarkadako lanetan, Kira Perov artistarekin batera lanean hasten denean -ordutik aurrera bere emaztea eta kolaboratzailea-, telebista bidez transmitituak izateko piezetan erabiltzeko irudiak biltzeari ekin zion. Kamera eta objektibo bereziak erabili zituen paisaia atzeman eta normalean gure pertzepziotik haratago dagoenaren irudiak grabatzeko.

Garai hori 1990eko hamarkadako instalazioetarako trantsizioa ere bada; gela osoak okupatzen zituzten horiek, eta ikuslea irudian eta soinuan murgiltzen zuten. Bere lanetan elementu fisikoak gehitzen ere hasi zen. Violak gai espiritualekiko izan duen interes etengabea "Zerua eta Lurra" (Heaven and Earth, 1992) bezalako eskultura objektuetan eta
"Poliki biratzen den narrazioa" (Slowly Turning Narrative, 1992) moduko instalazio handietan nabarmentzen da.

2000TIK AURRERA

Milurteko berriarekin batera, eta horrek ekarritako bereizmen handiko teknologiak erabilita, Viola formatu txiki eta ertaineko piezak ekoizten hasi zen, "Pasioak" deituko zuen sailean. Emozioen inguruko ikerketa da sail hori, eta kamera geldoan eginda dago; 2001eko "Errendizioa"
(Surrender) edo denboraren eta belaunaldien igarotzea erakusten dituen "Catherineren gela" (Catherine's Room ) eta "Lau esku" (Four Hands) lanak barne hartzen ditu.

Barne-barneko obra horien atzetik etorri ziren "Egunerantz aurrera eginez" (Going Forth By Day, 2002) bezalako instalazio monumentalak. Horretan, espazio berbera partekatzen duten bost horma proiekzio handik ikusleari gonbita luzatzen diote, argian barneratu eta bizitza eta giza existentziari buruz hausnarketa egiteko.

Azken hamarkadan zehar, baliabide eta formatu desberdinen bitartez, Violak bizi esperientziaren funtsa erakusten jarraitu du, "Errugabeak" (The Innocents, 2007), "Hiru emakume" (Three Women, 2008) eta "Ameslariak" (The Dreamers, 2013) lanetan uraren erabilerak modu adierazgarrian erakusten duen bezala. Halaber, bizi esperientzian zehar egindako ibilbidea "Zerua eta Lurra" (Heaven and Earth, 1992) erakusketan hasi eta "Jaiotza alderantzikatua" (Inverted Birth, 2014) obran ere agertzen da, birjaiotza batekin.