Guggenheim Bilbao Museoak "Dastatu Gabonak" egitaraua hasiko du larunbat honetan

BILBO, 19 Dic. (EUROPA PRESS) -

Guggenheim Bilbao Museoan "Dastatu Gabonak" programa antolatu du, adin guztietako publikoarentzako hezkuntza jardueren egitarau zabalarekin, BBKren babesarekin. Gabonetako apaingarri jangarriak, objektu harrigarri bihurtzen diren izeiak, rock Gabon kantak, dantza, antzerkia eta arrastoen jolas bat dira Guggenheim Bilbao Museoko jardueretako batzuk larunbat honetatik, abenduaren 20tik, urtarrilaren 6ra bitartean, 3 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat eta helduentzat.

Museo bilbotarrak jakinarazi duenez, abenduaren 20tik Guggenheim Bilbaorara hurbiltzen diren 3 eta 12 urte bitarteko haurrek "Arrastoen jolasa!" jarduera dibertigarrian parte hartzeko aukera izango dute. Jolas horren bidez, ikusgai dauden artelanetatik ibili eta proposatutako misterioak argituko dituzte; hala ikusiko dute zer gertatuko litzatekeen horma bat Gabonetako kolorez margotuko balute, eta, gainera, misterioak ebaztean opari bat jasoko dute informazio mahaian.

"Artearen Izkina" delakoan, 2 eta 8 urte bitarteko haurrek Gabonetako apaingarriak egingo dituzte, batzuk jangarriak. Txoko hau zabalik egongo da abenduaren 20, 21, 26, 27, 28 eta 30ean, eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean, 11:00etatik 17:00etara.

Abenduaren 26an, 4 urtetik gorako haurrek "desio onez, kolorez eta magiaz betetako ikuskizunera" joateko aukera izango dute Engruna Teatre taldearen eskutik. "Posta kodea 00" emanaldian, urte berria eskuz idatziz zoriontzeko eta eskutitza postontzi bidaiari batean uzteko proposatuko zaie.

Ikuskizunean aurreko emanaldi batera joandako haurren mezuak irakurriko dituzte, eta egun horretako gutunak etorkizunean, konpainiako beste emanaldi batean, irakurriko dira. Horrela ikasiko dute txikiek orain gutxi arte hitzek, sentimenduek eta ideiek paperean bidaiatzen zutela. Bi emanaldi izango dira: 12:30ean euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz.

Horrez gain, helduek gaur egungo dantza ikuskizun batez gozatzeko aukera izango dute, La Intrusa konpainiari esker. "The Best of You" du izenburua lanak eta hiru dantzarik tentsioz betetako partituran zeharreko bidaia egingo dute, asmo onak gordeta lasaitasunaren bila. Museoko entzungelan izango da emanaldia, abenduaren 27an, 19:00etan.

ROCK GABON KANTAK

Hurrengo egunean, abenduaren 28an, 18:00etan, rock Gabon kantez beteko da Guggenheim Bilbao Museoko Entzungela. Rock'n'kids Band taldeak energia askoko kontzertu bat emango du 3 urtetik gorako haurrek eta helduek Gabonetako erritmo askotako musikan eta dantzan murgil daitezen.

Halaber, egun hauetan ohikoa denez, Museoko Lagunen seme-alabek "Gabonak eraldatu" haientzako tailer berezian parte hartzeko parada izango dute: euskaraz abenduaren 26an eta 30ean eta urtarrilaren 3an, eta gaztelaniaz abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an.

Parte hartzaileek Gabonekin lotutako objektuak hartu eta material harrigarriak erabiliz eraldatuko dituzte. Gabonetako zuhaitz moderno eta bereziak sortuko dituzte, forma geometrikoz, zenbakiz eta kolorez betak. Tailerrak adin tarteka banatzen dira, bi taldetan: 3 eta 5 urte bitartekoak (11:00etako eta 17:00etako txanda) eta 6 eta 10 urte bitartekoak (17:00etako txanda).

Gainera, abenduaren 20tik aurrera, Gabonetako posta txartelen erakusketa izango da museoko hezkuntza gunean. Posta txartel horiek azken zortzi urtetan Gurutzetako Ospitalean erietxeratutako haurrek
egindakoak dira; haurrok 2007tik Guggenheim Bilbao Museoan Gurutzetako eta Basurtuko ospitaletan antolatutako "Sortu eta sendatu!" sormen tailerretan parte hartutakoak dira.

Azkenik, abenduaren 24an eta 31n, 10:30etik 16:30era, eta urtarrilaren 5ean, 10:30etik 19:30era, Yoko Onoren "Nahien zuhaitza" lanean esku hartzeko aukera izango da. Museoko bigarren solairuko terrazan dago zuhaitza, eta parte hartu nahi duenak aretoetako orientatzaileei galdetu diezaieke artelanean nola parte hartu, bai eta artelanaren inguruko beste argibide batzuk ere.