Guggenheim Bilbao Museoak eta BBK Fundazioak lankidetza hitzarmena berritu dute

Museoko eta BBK-ko arduradunak
Foto: GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA/BBK
Actualizado: viernes, 17 febrero 2012 17:56

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Batzorde Betearazlearen buru Jose Luis Bilbaok eta BBK Fundazioaren presidente Mario Fernandezek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, finantza-erakundeak Museoaren Babesle Estrategikoa izaten segi eta museoa babesten jarrai dezan. Horrela, finantza-erakundeak 750.000 euro emango dizkio museoari, bere proiektu orokorrak zein bi fundazioen arteko proiektu jakin batzuk aurrera eramateko.

   Bilbaoren hitzetan, sinatutako hitzarmenak "azpimarratu egiten du publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia Bizkaian proiektu arrakastatsuak garatzeko. Hori dela eta, bizi dugun egoera honetan, are gehiago nabarmendu behar dugu BBK Fundazioak Guggenheim Bilbao Museoaren alde egindako apustua".

   Bestalde, BBK Fundazioaren presidenteak adierazi duenez, "15 urteko lankidetzaren ostean, BBKrentzat garrantzi handia du Guggenheim Bilbao Museoan modu aktiboan esku hartzen jarraitzea, kultur proiektu hori guztiz sendotuta baitago eta bertako erakusketak eta dibulgazio-lanak hiri honetako aisi eta kultura bizitzan sustraitu baitira".

   Gaur sinatutako akordioaren helburuetako bat Bizkaiko gizarteari ekarpenak egitea da, publiko orokorrarentzako zein baztertutako taldeentzako kultur proiektuak bultzatuko baitira. Edonolako publikoari heltzeko, eta horrek arte garaikidea hobeto ezagut eta uler dadin, proiektu berriak ikuspegi asmotsu eta berritzaileez landuko dira.

   BBK Fundazioaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren lankidetza museoaren proiektuaren hastapenetan hasi zen, hain zuzen ere, 1997an. Orduan erabaki zuten bi erakundeok Bilboko eta Euskadiko gizartearen eta kulturaren garapena sustatzea eta babestea, hainbat baliabideren eta ekimenen bidez.

   BBK Fundazioa Museoaren Babesle Estrategikoa denez, Batzorde Betearazlearen eta Patronatuaren kide da eta museoaren kudeaketan zuzenean esku hartzen du. Era berean, hainbat jarduera finantzatzen ditu, autofinantzazioa ezinezkoa denean, batez ere; tartean daude haurrentzako, gazteentzako, adinekoentzako eta baztertutako taldeentzako ekimenak.

   Bi erakundeen arteko aspaldiko lankidetzaren asmoetako bat da edozein adineko bisitariei artea hurbiltzeko ekimenak garatzea. 1998tik ia hiru milioi pertsonek esku hartu du askotariko gizarte taldeentzako 30 bat jardueretan.

EKIMENAK

   Gaur berritutako hitzarmenak "Artez busti" ekimenak jarraitzea ahalbidetuko du, besteak beste. Ekimen horrek publikoak bisitaldi atsegin eta aberasgarria izan dezan laguntzen du, bertan biltzen baitira entzuteko gidak, didaktika guneak, sakelako eta telefonoetarako aplikazioak; hortaz, bisitariaren profilera eta interesetara egokitu daiteke bisitaldia.

   "Artea ikasbide" egitaraua ere babesten jarraituko du BBK Fundazioak. Orain ia 15 urte sortu zen eta ordutik lehen hezkuntzako curriculumaren ikasgaiak artearen bidez indartzen laguntzen du ikastetxe publikoetan. Arteaz eta sormenaz mintzatuz eta artisten eta mjuseoko hezitzaileen laguntzaz betetzen da xede hori, eta, urtero, ikasturte amaieran, erakusketa bat izaten da museoan.

   Gizarte ekintza ere barne hartuko du BBK Fundazioaren lankidetzak: minusbaliotasunak dituzten pertsonentzako eta baztertutako taldeentzako gidaridun bisitaldiak eta Basurtuko eta Gurutzetako ospitaleetako haur arloekin lankidetzak, besteak beste.

   Azkenik, askotariko publikoarentzako aisialdi eta kultur jarduerak antolatzen jarraituko dute BBK Fundazioarekin sinatutako hitzarmenari esker. Jarduerok artea modu egokian eta erakargarrian jakitera ematea eta ikusleei hurbiltzea dute oinarri, eta horren adibide dira Gabonetako haurrentzako jarduerak, gazteentzako "Art after Dark" DJ saioak -hilean behin, ostiral batean izaten dira- eta Aste Nagusiko jazz musikaz eta arteaz gozatzeko gaueko emanaldiak, "Guggenheim Bilbao gauak" izenekoak.