Guggenheim Bilbao Museoak familiei zuzenduriko egitaraua eskainiko du Gabonetan

"Isiltasuna Dantzatzen" Ikuskizuna
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: viernes, 9 diciembre 2016 14:58

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Guggenheim Bilbao Museoak haurrak dituzten familientzako hezkuntza jardueraz beteriko egitaraua prestatu du Gabonetarako, abenduaren 20tik urtarrilaren 8ra bitartean, besteak beste, artelan bereziak sortzeko "Gabonetako aurpegiak" tailerra, Gabonetako erretratuen collage handi bat eta antzerkia, dantza, musika eta poesia uztartzen dituen zeinu dantza ikuskizunarekin.

Horrela, museo bilbotarretik jakinarazi dutenez, 3 eta 12 urte bitarteko haurrek aukera izango dute erretratuak baliatuz Gabonetako collage bat egiteko, sormen jolas dibertigarri baten bidez. Partaideek txarteldegian eskuratuko dute galderak eta eranskailuak dituen fitxa bat eta horri jarraiki ibiliko dira museoko erakusketetan zehar, bertako erretratuen bila. Ondoren, Atrioan, euren erretratuak sortuko dituzte, collagea erabiliz. Gainera, informazio mahaian artelana aurkeztuz gero, oparitxo bat jasoko dute.

Abenduaren 27an eta 28an, "Isiltasuna dantzatzen" ikuskizunaz gozatu ahalko dute edozein adinetako umeak dituzten familiak. Emanaldi horretan diziplina asko uztartuko dira zeinu hizkuntzarekin, besteak beste, antzerkia, dantza, musika eta poesia. Rakel R. R. sortzaileak zuzentzen duen Arymux konpainiako antzezle eta dantzariek, txikiek zein helduek, ikuskizuna eskainiko dute, kultura pertsona guztiei irisgarri egiten eta gozatzeko aukera ematen dieten bitartean. Bi emanaldi izango dira 18:30etik aurrera museoko entzungelan.

Gainera, garai honetan ohi den bezala, Museoko Lagunen seme-alabek "Gabonetako aurpegiak" tailer berezian esku hartzeko aukera izango dute abenduaren 27an eta 29an eta urtarrilaren 3an euskaraz, eta abenduaren 28an eta 30ean eta urtarrilaren 4an gaztelaniaz. Parte hartzaileek Gabonekin lotura duten emozioak eta aurpegierak aztertuko dituzte eta erretratuetatik abiatuta istorioak kontatzeko moduetan hausnartuko dute, Francis Bacon, Albert Oehle, Pablo Picasso eta beste artista batzuren keinuari, trazuari eta pintzelkadari arreta berezia eskainiz. Bi talde izango dira tailer bakoitzean: 3 eta 5 urte bitartekoak (11:00etan eta 17:00etan) eta 6 eta 11 urte bitartekoak (17:00etan).

Azkenik, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, 11:00etatik 14:00etara, Yoko Onoren "Nahien zuhaitza" artelana erabilgarri ipiniko da, eta museoko bigarren solairuko terrazan, nahi dutenek zuhaitzetik 2017rako haien desioak zintzilikatzeko parada izango dute.