Guggenheim Bilbao Museoak "Historiaren istorioak" erakusketa ireki du publikoarentzat

Actualizado: martes, 22 enero 2013 12:54

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Guggenheim Bilbao Museoak "Historiaren istorioak" erakusketa inauguratu du gaur, urtarrilak 22, eta maiatzaren 19ra bitartean izango du ikusgai. Guggenheim Bilbao Bildumako lanek osatzen dute erakusketa berri hau.

Aurkezpen honetan bi lan nagusi aurrez aurre jarri dira, hain zuzen ere, Cy Twombly-ren "Komodori buruzko bederatzi gogoeta" (Nine Discourses on Commodus, 1963) eta Georg Baselitz-en "Lenin Andrea eta urretxindorra" (Mrs Lenin and the Nightingale, 2008).

Bi lanotan egileek bizitako istorioak txertatu dituzte, eta, halaber, pertsonaia historiko jakin batzuen nondik norakoak berriz aztertu dituzte keinuz betetako arte-lengoaia erabiliz; halere, ez zaizkie espresionismoei lotzen. Gainera, aztertutako historiaren aldiak bata bestetik oso urrun daude.

Twombly-ren zein Baselitz-en lan egiteko modua artista garaikide jakin batzuek gertakizun historikoetatik abiatuta erabilitakotik aldentzen da, "irudi bihurtzen baitute azken aldiko gauzen mundua". Era berean, Ernst van Alphen-ek "historiografia berria" kontzeptua erabili du artista horien joera bat izendatzeko, hain zuzen ere, honakoa: historiaren eta iraganaren gaineko lanak egiteko orduan, oinordetzan jasotako errealitatea "postprodukzio" ariketa baten bidez eraldatzen dute, eta beraz, "historialariak" dira, Walter Benjamin-ek emandako adieran, bederen.

Halere, Twobly-k eta Baselitz-ek ez dute halakorik egiten, ez dute historia bereganatzen errealitatea beste ikuspegi batetik edota beste modu batean agertzeko, eta ez dituzte gertakizun historikoak berrinterpretatzen. Aitzitik, gertakizun historikoetan oinarritutako istorioak egiten dituzte, eta horiek artistaren ikuspuntutik kontatzen. Alabaina, zirikatzaileak dira artearen alorrean, ez politikarenean.