Gurasoak gehiago inplikatu behar dira adingabeak interneten seguruago ibiltzeko, EHUko txosten baten arabera

Aita eta semea ordenagailuan internet erabiltzen
DANBA
Actualizado: lunes, 28 marzo 2011 13:56

BILBO, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) azterlen bat egin du "EU Kids Online" izeneko Europako ikerketa sarearen barruan, eta txostenaren arabera, gurasoak gehiago inplikatu behar dira adin txikikoak interneten seguruago ibil daitezen. Gainera, internetek umeentzat izan ditzakeen arrisku gehienen eragina txikiagoa da Espainiako Estatuan Europako herrialdeen batez bestekoa baino.

Emaitza hauek makroinkesta baten ondorio dira. Inkesta Europako 25 herrialdeko 25.000 neska-mutili egin zaie, 9 eta 16 urte bitartekoak, eta ume bakoitzaren gurasoetako bati. Txostena gaur aurkeztu da, Europako Batzordeak Madrilen daukan egoitzan.

Arriskuek eragin txikiagoa izan arren, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek Maialen Garmendia irakaslearen zuzendaritzapean egindako txosten honetan beste gauza bat ere azpimarratzen da: gurasoak gehiago inplikatu behar direla seme-alaben interneteko ibileretan.

Mezu sexualak jaso dituzten neska-mutikoen gurasoen %67k ez zekiten ezer, eta gauza bera gertatzen zen interneten bidez jazarpen mezuak jaso dituzten neska-mutikoen gurasoen %61en kasuan eta eduki sexualak ikusi dituztenen adin gutxikoen %51ren gurasoen kasuan ere. Honi dagokionez, Garmendia irakasleak esan duenez, "bizitzaren arlo guztietan bezala, Interneten oso zaila da adin gutxikoak arrisku guztietatik babestea. Hala ere, gurasoen laguntza funtsezkoa da adin gutxikoek arrisku horiek gainditzeko ondorio txarrik gabe".

Gaur aurkeztutako azterlaneko datuen arabera, Espainian 9 eta 16 urte bitarteko neska-mutikoen %11k ikusi dituzte eduki sexualak interneten, eta Europan, berriz, %14k batez beste. Mezu sexualak jaso dituzten neska-mutikoen portzentajeetan ere alde nabarmena dago Espainiaren eta Europako batez bestekoaren artean: Espainian 11 eta 16 urte bitarteko adin gutxikoen %9k jaso dute halako mezuren bat, eta Europan, berriz, %15ek batez beste.

Jazarpenerako edo 'cyberbullying' delakorako teknologia berrien erabilera ere txikiagoa da Espainian: inkestaren arabera, inoiz halako jazarpena jaso duten adin gutxikoak ez dira %5era heltzen Espainian, eta Europan, berriz, %6 dira batez beste. Dena den, kopuruak asko aldatzen dira herrialdetik herrialdera. Adibidez, Estonian eta Errumanian portzentaje hori %13 baino gehiago da.

EZEZAGUNEKIN HARREMANAK

Aztertu den beste gai bat ezezagunekin harremanetan jartzearena izan da. Europan adin txikikoen %30ek eta Espainian %21ek adierazi zuten internetez harremanetan egon zirela aurrez aurre sekula ezagutu ez zituzten pertsonekin, eta Europan nahiz Espainian umeen %9k esan zuten inoiz geratu zirela Interneten bidez ezagututako norbaitekin.

Dena dela, arriskuok oso modu desberdinetan eragiten diete gazteei. Horrela, ez dira %20ra heltzen eduki sexualak ikusteagatik, ezezagunekin geratzeagatik edo mezu sexualak jasotzeagatik nahigabetuta edo jota geratu diren adingabekoak. 'Cyberbullying'-aren kasuan, berriz, halako jazarpena jaso zuten hamar umetik bederatzik esan zuten nahigabetuta zeudela.

Txostenaren beste ondorioetako bat da internet adin gutxikoen bizitzaren eta komunikazioaren oso parte inportante bihurtu dela, nahiz eta hori Espainian neurri txikiagoan gertatzen den Europako beste herrialdeetan baino. Neska-mutiko espainiarrek batez beste 71 minutu ematen dituzte egunean interneten, eta 88 minutu, berriz, Europan. Europakoen antzera, Espainiako adin gutxikoen %60 inguru konektatzen dira internetera egunero edo ia egunero.

"EU KIDS ONLINE"

"EU Kids Online" proiektuaren helburua da ikertzea Europako umeek nola bizi eta erabiltzen duten internet, eta haien gurasoek nola jokatzen duten honen inguruan, hobeto ezagutzeko Internetek umeentzat dituen arriskuak eta sarea modu seguruan erabiltzeko bideak, hori guztia haurrentzako ingurune seguruagoa sustatzeari begira Interneti eta sareko teknologia berriei dagokienez.

Herrialde hauek dira aztergai "EU Kids Online" proiektuan: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Italia, Lituania, Norvegia, Polonia, Portugal, Suedia, Turkia, Txekiar Errepublika eta Txipre.

Ikerketarako aurrez aurreko elkarrizketak egin zaizkio Europa osoko umeen lagin estratifikatu ausazko bati. Erabilitako metodologien xehetasunak txostenean eta proiektuaren web-orrian ikus daitezke: www.eukidsonline.net eta www.ehu.es/eukidsonline