Gurasoak irakurketaren garrantziaz sentsibilizatzeko kanpaina bat abiarazi du Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: lunes, 7 febrero 2011 17:47

BILBO, 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburuak eta Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak "Bularretik mintzora" programa aurkeztu dute gaur Gurutzetako Ospitalean (Bizkaia). Programaren bidez, gurasoei irakurgaiak oparituko zaizkie irakurketaren garrantziaz sentsibilizatu daitezen, "horixe baita umeen garapen intelektuala, emozionala, soziala eta linguistikoa estimulatzeko bidea", nabarmendu dute.

"Bularretik mintzora" egitasmoa burutzeko eta irakurketa programak garatzeko 147.162 euroko diru-laguntza eman dio Eusko Jaurlaritzak Galtzagorri Elkarteari. Hala, ume txikien gurasoei bi opari egingo zaizkie. Alde batetik, jaioberrien gurasoei ospitalean bertan oinarrizko material didaktikoa oparituko zaie. Horretarako urtebetean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egon daitezkeen jaiotzak hartzen dira kontuan.

Opari honekin lortu nahi dena da gurasoak konturatzea haurra jaiotzen den unetik zein garrantzizkoa den irakurketaren nahiz kantaren lanketa. Opari gisa, sehaska-kantak, esku-jolasak, ipuinak eta poesiak biltzen dituen "Bularretik mintzora" CD-liburua emango zaie gurasoei ospitalean. CD-liburuarekin batera aholkuak eta bibliografia egokia biltzen dituen liburuxka ere jasoko dituzte EAEko guraso berri guztiek.

Beste aldetik, 4 urte dituzten haurren gurasoei CD-liburu berri bat oparituko zaie, beste CD-liburuaren jarraipena izango dena. Bertan ipuinak, kantak eta poesia bilduko dira. Horrekin batera, aholku berriak eta bibliografia berria ere eskainiko dira.

"BEREBIZIKO GARRANTZIZA"

Rafael Bengoak agerraldian esan du "Bularretik mintzora" bezalako programek "berebiziko garrantzia" dutela umeen osasunerako, osasuna ez baita ongizate fisikora mugatzen. "Helduok haurrei irakurketa eskaintzen diegun neurrian, ondorio onuragarriak sortuko dira haurren adimenean: bai hizkuntza eta emozioak garatzeko garaian, bai haiekin lotura afektibo sendoa finkatzeko bidean", adierazi du.

Zentzu horretan, haurrei irakurtzen ematen zaienean haien garapen intelektualean, emozionalean, sozialean eta hizkuntzarenean positiboki eragiten dela gaineratu du.

Halaber, Blanca Urgellek azaldu du "Bularretik mintzora" bezalako egitasmoek guztiz bat egiten dutela Kultura Sailaren zenbait helbururekin. "Gure helburu nagusietako bat da euskararen ezagupena eta erabilera belaunaldi berrietan bermatzea eta baita familia-transmisioa bermatzea ere. Iruditzen zaigu proiektu honen bidez xede horiek ezin hobeto jarrai daitezkeela", azaldu du.

Ildo berean, euskal hiztunen kopurua handitzeko helburua betetzera ere badatorrela proiektua esan du. Urgellen hitzetan, 855.000 hiztunek badakite euskara.

"Horrek adierazten du bide onetik goazela, baina gure helburuak ezin du izan, soilik, euskararen ezagutza areagotzea, baizik eta euskaldun gehienak, ahalik eta egokiera, toki eta esparru gehienetan euskal hiztun bilakatzea, erabilera bultzatzea. Euskara naturaltasun, malgutasun eta ohikotasunez erabiliko duten sare sozialak eta biziak behar ditugu. Haur eta gazteen esparru ez-formaletako eskaintzari arreta berezia eman behar zaio eta zentzu honetan, gaur aurkezten dugun materialak aurreneko egunetik, aurreneko hitzak ere euskeraz egiteko aukera eskaintzen du", gaineratu du.