"Gure Artea" arte plastikoen eta ikus-arteen sarien deialdia egin da

Actualizado: martes, 15 febrero 2011 15:04

GASTEIZ, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Blanca Urgell Kultura sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak arte plastikoak eta ikus-arteak sustatzea helburu duten "Gure Artea" sariak deitu eta arautzen dituen Agindua onartu du gaurko bileran. Sariek 75.000 euro banatuko dituzte sarituen artean, eta pertsona horiek euskal arte garaikideari eta kulturari egindako ekarpen garrantzitsua aitortu nahi dute.

Batetik, egileak saritzen dituzte, ibilbide profesionalagatik zein azken urteetan egindako lan sortzailearengatik, eta bestetik, hainbat agente saritzen dituzte, arte plastikoetan eta ikusizko arteetan egindako jarduera orokor edo zehatzengatik, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

"Gure Artea" sarien hiru modalitate daude. Alde batetik, Ibilbide artistikoa aitortzen duen saria dago. Lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzen du, bere obra osoa eta izandako ibilbidea kontuan hartuta.

Bestetik, jarduera sortzailea aitortzen duen saria dago. Jarduera artistiko eta sortzailearengatik eta azken urteetan arte garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzen du.

Azkenik, ikus-arteetan hainbat agentek egindako jarduera aitortzen duen saria dago. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) arte plastikoetan eta ikus-arteetan, horiek sustatzeko jardueretan, kulturaren balio-katearen fase guztietan edo bakarren batean (ikerketan, sorkuntza-ekoizpenean, sustapen-hedapenean eta zabalkundean) egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak eta pribatuak, aitortzen ditu. Ibilbide osoa zein azken urteetan egindako programa edo proiektu zehatzak hartu ahalko dira kontuan.

"Gure Artea" sarietako bakoitza 25.000 eurokoa izango da. Arestian aipatutako bi modalitatetan (alegia, ibilbide artistikoa aitortzen duen sarian eta jarduera sortzailea aitortzen duen sarian) parte hartzeko eskubidea izango dute EAEn jaio diren pertsona fisiko guztiek eta EAEn bizileku administratiboa dutenek gaur egun edo, lehenago, hamar urtetik gorako denboraz izan dutenek. Epaimahaikideek arrazoitutako proposamenen bidez aurkeztuko dituzte hautagai-zerrendak.