Gurean.eus hedabide berriak Tokikom elkarteko komunikabideen albisteak bilduko ditu

Gurean.Eus
TOKIKOM
Actualizado: martes, 28 marzo 2017 13:54

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Gurean.eus euskarazko hedabide berria "euskal errealitate lokalaren leiho globala" izateko helburuarekin jaio da. Tokikom euskarazko toki komunikabideen bateragunea osatzen duten 60 hedabideen edizio digitalek sortutako albiste guztiak bateratzen ditu, komunikabide jeneralisten ohiko sailetan antolatuta, hau da, gizartea, ekonomia, kultura, kirolak, politika, ekitaldiak edo euskara.

Gainera, sarean dagoen elkarlanerako gune irekia ere izan nahi du, gai berberaren gainean hainbat komunikabidek sortutako kronika eta analisiei zein Tokikom osatzen duten komunikabideen 250.000 ohiko irakurle eta erabiltzaileen iritzi eta ekarpenei esker.

Gurean.eus sarerako pentsatutako komunikabidea da, bereziki sakelako telefonoetatik kontsultatua izateko, nahiz eta tableta edo pc bidez irakurtzeko ere prestatuta dagoen. Informazio lokala emateko orduan aurki daitekeen hutsune garrantzitsua betetzera datorrela nabarmendu dute bere arduradunek.

"Gure mundua, bisioa eta ideiak handiago egin nahi ditugu, guztion artean integratzaileagoa eta hobeto informatua den oraina eraikitzeko. Gurean.eus-en atzean dagoen ideia da herriz herri eta auzoz auzo sortutako eduki hori guztia batu eta erakusleiho berri batean erakustea, tokiaren arabera baino, gaiaren arabera ordenatuta. Horrela, egunerokotasunaren ikuspegi guztiz ezberdina erakutsi ahal izango diogu publikoari, gertutasunean oinarrituta, ohiko medioen agendatik kanpo geratzen diren gaiak azaleratuz", azaldu du Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendariak.

Gurean.eus aktibo dago jada eta bazkideak diren komunikabideetako zein Tokikomekin erlazioa duten hainbat webgunetatik ere sartzeko aukera egotea aurreikusi da, horretarako sortutako widget batzuen bitartez. Informazio hori, gainera, bere webgunean gehitu nahi duen beste edonorentzat ere eskuragarri dago, https://gurean.eus/info/widget/ orrialdeak eskaintzen dituen aukeren bidez.