Gurpil aulkiko saskibaloiko Euroligako taldeen fasea Bilbon jokatuko da

Aurkezpenean izan diren arduradun eta jokalariak
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 9 marzo 2017 13:26

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Gurpil aulkiko saskibaloiko Euroligako taldeen fasea jokatuko da Bilbon, Txurdinagako kiroldegian, ostiralean eta larunbatean, martxoaren 10ean eta 11n, gurpil aulkiko saskibaloiko nazioarteko lehiaketa ofizial bat Euskadin egiten den lehen aldia izanik.

Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia, Txema Alonso Bidaideak Bilbao BSR taldeko presidentea, Asier Garcia taldeko kapitaina eta Jose Centeno jokalaria izan dira ostegun honetan Bilboko udaletxean egin den aurkezpenean.

Taldeen fasea jokatzeko egoitzaren izendapena bat dator anfitrioia den Bidaideak Bilbao BSR taldearen 25. urteurrenarekin. Hori dela eta, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak talde bilbotarrak jokatzen duen lehenengo partida ikusiko du, ostiralean, martxoaren 10ean, 11:15ean. Aurkaria Errusiako Bkis Nevsky Alliance taldea izango da.

"Era berean, Bilboko Udalak lagundutako ekitaldi honekin kirol egokitua hor dagoela erakutsi nahi da eta balioa eman ahaleginari, irmotasunari, integrazioari eta mugak gainditzeari", adierazi du Gazteria eta Kirol zinegotziak.

TALDEAK

Horrela, bi egunetan, London Titants (Britainia Handia), Tregorrois Lannion (Frantzia), Les Aigles de Meyrin (Suitza), Bkis Nevsky Alliance (Errusia) eta Bidaideak Bilbao BSR taldeak irabazten saiatuko dira Okzitaniako Tolosan egingo den finalerako txartela eskuratzeko lehian. Aurkezpenean adierazi dutenez, etxeko taldea eta Bkis Nevsky Alliance dira faboritoak; talde errusiarra egungo Errusiako txapelduna da eta lehenengo tokian dago bere ligan.

Bestalde, London Titans eta Bidaideak Bilbao BSR taldeek ondo ezagutzen dute elkar, duela bi urte Turkiako Yalova hirian egin zen Europako lehiaketan elkarren kontra jokatu baitzuten. Orduan euskal taldeak irabazi zuen. Talde britaniarrak hirugarren lekuan amaitu zuen aurreko denboraldian eta une honetan bere herrialdeko ligako sailkapeneko buruan dago.

Halaber, Les Aigles de Meyrin suitzarrak Suitzako txapeldunorde dira eta une honetan bertako lehiaketako bigarren lekuan daude. Club Tregorrois Lannion frantsesak, ordea, etxeko lehiaketako seigarren postuan daude.

Bilboko taldea Euroligako finalista izateko faboritoetako bat da. Hirugarrenez ari da parte hartzen txapelketan eta aurreko denboraldian Challenge Cup lehiaketako txapeldunordea izan zen, Banja Luka (Bosnia-Herzegovina) hirian jokatu zen finala Amiab Albacete taldearen aurka galdu ondoren. Talde orekatua du, nazioarte mailako jokalariekin, taldeko lau jokalari finalistak izan baitziren azken Joko Paralinpikoetan. Gainera, munduko talde bakarra da lau dominadun dituena (urrezko bat eta zilarrezko hiru).

Txurdinagan jokatuko den lehiaketan talde guztiak elkarren aurka jokatu behar dute, eta garaipen gehien dituena izango da irabazlea. Berdinketarik egonez gero, average partikularra hartuko da kontuan.