Guztira 10.000tik gora lagun aritu dira azken lau urteetan Bilboko Udalak adinekoentzat antolaturiko osasun-jardueretan

Actualizado: miércoles, 2 marzo 2011 18:56

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak sustatutako adinekoentzako osasunari buruzko tailerretan 10.000 adineko baino gehiagok parte hartu dute azken lau urteetan, osasuna sustatzeko garatu diren 300 jarduera hezitzaileen bitartez.

Hiriko adinekoen osasuna sustatzeko helburua duen programa hau 1986an eratu zen aipatutako gizarte-taldearen trebetasun fisikoak hobetzeko, ohitura osasuntsuak sustatzeko, jatorri fisikoa edota psikikoa duten ezintasunak prebenitzeko eta gizarteratzea bultzatzeko xedez.

Bilboko Udaletik adierazi dutenez, gizarte-talde honetan sedentarismoak presentzia handia dauka eta horregatik, egokitutako jarduera fisikoa da programaren helburuak lortzeko bitartekari egokiena. Jarduera fisikoa lantzeaz gain, adinekoentzako interesgarriak diren osasun-gaiei buruzko hitzaldiak eskaintzen dira eta aldizkako azterketa medikoak egiten dira horien osasuna zaintzeko.

Hauek dira programan lantzen diren gaiak: gripearen prebentzioa, larrialdietarako hasierako arreta, erorketak saihestea, arteria-hipertentsioa norberak zaintzeko jarraibideak, alkohola eta hirugarren adina, adinari loturiko degenerazio makularra, zahartzaro osasuntsu batentzako elikadura eta osteoporosia.

Osasuna zaintzeko garatzen diren jardueren artean, azpimarratzekoak dira Nagusien Martxa eta Arteria Hipertentsioaren Nazioarteko Eguneko Ibilaldia. Era berean, 1.800 arteria-tentsio hartu dira, 385 azterketa mediko egin dira eta osasunari buruzko 202 inkesta.

Parte-hartzaileek bestelako gizarte-jardueretan ere hartzen dute parte, hala nola 1.000 bat lagun elkartzen dituen La Casillako Eguberrietako Jaian (abenduan) eta Inauterietako Bazkarian.

Jarduera gehienak garatzeko taldeak sortzen dira eta ordu bateko saioak egiten dira astean behin barrutiko zentroetan monitore baten zuzendaritzapean. Zehazki, 2010-2011 ikasturtean, 3.146 matrikula bete ziren guztira 2.750 plaza betetzeko.

2009-2010 ikasturtearen bukaeran, erabiltzaileen gogobetetasun-maila ezagutzeko inkesta bat egin zen aurrenekoz. Horren arabera, erabiltzaileek 9,14 puntu eman zioten programari eta 9,65 monitoreei.