Pertsona ezagunek eta ikasleek euskararen inguruko bizipenak partekatuko dituzte asteazkenean Donostian

Saioa sustatzeko bideoaren protagonistak
DEUSTUKO UNIBERTSITATEA
Actualizado: martes, 21 marzo 2017 12:55

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

"Gaztezulo" aldizkariak, Deustuko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatu dute "Ika Mizka: Eta hik? Nola bizi dunk euskara?" saioa egingo da asteazkenean, martxoaren 22an, Deustuko Unibertsitaren Donostiako Campusean. Hainbat alorretako pertsona ezagunek euskararen inguruko bizipenak partekatuko dituzte Lehen Hezkuntza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasleekin, 11:00etatik aurrera. Euskararen erabileraren garrantziaz sentsibilizatzea eta jarrera aktiboagoak bultzatzea bilatzen du ekimenak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saioa sustatzeko bideoa zabaltzen ari dira (www.youtube.com/watch?v=Aois6YXTihA). Destuko Unibertsitateko ikasle Eneko Iparragire, Estitxu Goitia eta Beñat Egiazu, eta Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias Hesian taldeko kideak dira bideoaren protagonistak.

Asteazkeneko solasaldiak goizeko 11:00etan hasiko dira, Nerea Alias aurkezlearen gidaritzapean, eta arratsaldeko 13:00etara bitartean euskararen erabileraren inguruan hausnartuko dute 100 bat ikaslek eta hainbat pertsona ezagunek.

Solasaldia eta zizka-mizkak uztartzen ditu egitasmo honek. Mahai beraren bueltan unibertsitateetako gazteak zein animatzen diren herritarrak pertsonaia ezagunekin batera esertzen dira. Aurpegi ezagunek eta gazteek gai zehatz baten inguruan partekatzen dituzte kezkak eta bizipenak, euskaraz, eta esparru jakin batean euskaraz aritzeak dakartzan pozez, zailtasunez, lorpenez zein sentsazioez aritzen dira.

Zazpi-zortzi laguneko taldeetan, mahaiaren inguruan bildu eta teknologia berrien eta euskararen arteko harremanaren inguruan hausnartu eta anglisizmoen erabileraren gorakadaz eztabaidatuko dute. Saioari amaiera emateko Liher taldearen kontzertua izango da.

Horrela, solasaldietan parte hartuko dute Ibon Fernandez eta Gorka Otaegi Gazteako irratiako esatariak, Iraitz Madariaga Burutüko social managerra, Xabier Martin Iparra.eus-etik, Liher musika taldeko Lide eta Etxarri, Zuriñe Maguregi "Gaztezulo" aldizkariko zuzendaia, Mikel Lizarralde Codesyntax-etik, Telmo Trenado youtuberra, Igone Mariezkurrena kazetaria eta Josu Waliño PuntuEus Fundazioko presidentea.