Hainbat hezegune berreskuratzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza

Hezeguneak berreskuratzeko lanetan dabil Jaurlaritza
Foto: Europa Press
Actualizado: viernes, 1 febrero 2013 12:08

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak hezeguneak leheneratzeko eta zaintzeko hainbat jarduera gidatzen ditu, Europako Batzordearen Life proiektuarekin batera finantzatuta. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Ramsar hitzarmenean izendatutako sei hezegune daude: Ullibarri Ganboa urtegiko adarrak, Arreo Caicedo-Yusoko lakua eta Gesaltza Añana, Guardiako urmaelak, Salburua, Mundaka-Gernikako itsasadarra eta Txingudi. Horietako batzuetan, ingurumenaren aldetik leheneratzeko lanetan ari dira.

   Proiekturik nabarmenena Euskadiko Life+ Estuarioak da, Ramsar zerrendan jasotako bi estuariotan egiten ari dena (batetik Urdaibain, eta, bestetik, Txingudin eta Lea ibaian). Proiektu honen ardatza Baccharis Halimifolia espezieak erasandako hezeguneetako habitat naturalak leheneratzea da. Landare-espezie inbaditzaile hori lau metro garai ere izan daiteke. Azken urteetan lan ugari egin da hiru estuarioetan espezie exotiko hori deuseztatzeko, eta egindako lana lagungarri izan da flora autoktonoa berreskuratzeko, bai eta babestutako flora- eta fauna-espezie ugarirentzat beharrezko habitata leheneratzeko ere.

   Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, Ihobe eta HAZI sozietate publikoen bitartez, Life programarekin finantzatutako beste proiektu batzuetan ere parte hartzen du Izkin (Araba), Ordunten (Bizkaia) eta Tremedalen (azken hori Nafarroako Foru Erkidegoarekin lankidetzan).

   Life Pro-Izki proiektua Izki Parke Naturalean ari dira egiten. Arabako Foru Aldundiak gidatutako programaren helburua inguru higroturbosoetara lotutako landaredia berreskuratzea da -Rhynchospora Fusca landarea ex situ erreproduzitzea kasu, ondoren inguru egokietan aldatzeko-, edota abelburuek ura edateko puntu alternatiboak jartzea, guztia ere interes bereziko hezeguneak babestearren.

   Life Ordunte Jasangarria proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen du. Aurreikusitako jardueren artean, Zalama inguruko zohikaiztegia leheneratzea eta abeltzaintza antolatzea dago, Ordunte mendilerroan (Bizkaia) esfagno-istinga kopuru nabarmen bat babesteko.

   Azkenik, Life Tremedal proiektu hasiberriak kantauriar zerrendako hezegune kontinentalak babestea eta leheneratzea du helburu. Nafarroako Ingurumen Sailak koordinatzen du proiektua, eta Estatuko hainbat eskualdetan ari dira garatzen. EAEko jarduketei dagokienez, Arreo lakua leheneratzeko plan bat egingo da Arabako Foru Aldundiarekin eta Uraren Euskal Agentziarekin elkarlanean, bai eta Usobelartzan eta Jaizkibelen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

HEZEGUNEEN NAZIOARTEKO EGUNA

   Hezeguneen Nazuoartekoko Eguna otsailaren 2an izaten da, Nazioarteko Intereseko Hezeguneei buruzko Hitzarmena onartu zen egunean, hain zuzen ere (Ramsar Hitzarmena izenez ere ezagutzen da). Hitzarmena 1971n onartu zuten, natura-guneon erabilera arrazionala eta kontserbazioa sustatzeko helburuz. Hitzarmen horren ardatzetako bat Nazioarteko Intereseko Hezeguneak izendatzea da.

   Egun honekin bat, Euskadiko Biodibertsitate Zentroak hainbat jarduera antolatu ditu publiko ororentzat, hala nola bisitaldi gidatuak Urdaibaiko paduretan, tailerrak edota hegaztiak behatzeko puntuak.