Hainbat ikerlarik eta dibulgatzailek zientziaren komunikaziorako eredu berriez eztabaidatuko dute Bilbon maiatzaren 27an

Actualizado: lunes, 23 mayo 2011 16:13

BILBO, 23 May. (EUROPA PRESS) -

Zientziaren Komunikazioari buruzko III. Mintegia izango da Bilbon maiatzaren 27an, "Zientziaren komunikaziorako eredu berriak" izenburupean, eta Biofisika Bizkaia Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta. Izen handiko hainbat profesional, zientzialari, kazetari eta zientzia dibulgatzailek hartuko dute parte mintegiaren egitarauan.

Bizkaia Aretoan (EHUren paraninfo berria) 9:00etatik 14:00etara egingo den jardunaldi hau Felix Goñik zuzentzen duen Biofisika Bizkaia Fundazioak eta Juan Ignacio Perez Iglesiasek zuzentzen duen EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu dute. Eskura dauden komunikazio tresnak eta plataformak erabiliz zientzia ezagupenak gizartera zabaltzeari eta transmititzeari garrantzi handiagoa ematen laguntzea da topaketaren helburua.

Horrez gain, hainbat diziplinatako profesionalen artean -zientzialariak, teknologoak, kazetariak, dibulgatzaileak eta abar-eztabaida irekia piztu nahi da, zientzia komunitatearen eta komunikabideetako profesionalen arteko komunikazio zubiak sortzeko premia hizpide hartuta.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengo egitaraua "oso interesgarria" da. Zientziaren komunikazioaren arloan lanean ari diren hainbat lan esparrutako pertsonak izango dira bertan: argitaletxe mundukoak, kazetaritza konbentzionalean aritzen direnak, telebistakoak, gizarte sareetakoak, komunikazio zuzeneko esperientzia berritzaileetan ari direnak eta abar.

PERE ESTUPINYA

Pere Estupinya kimikari, biokimikari eta dibulgatzaile katalana izango da jardunaldiko hizlarietako bat. Hainbat urtez Eduardo Punseten "Redes" programako gidoilaria izan eta "El ladrón de cerebros, compartiendo el conocimiento científico de las mentes más brillantes" liburua idatzi ondoren, gaur egun, kazetaritza zientifikoa aztertzen ari da Latinoamerikan, Massachusets Institute of Technology-ren (MIT) Knight Tracker delako programarako. Gainera, 'El País' egunkariko "Apuntes científicos desde el MIT" blogaren egilea da.

Estupinyaren hitzaldiaren izenburua "Rascar donde no pica: búsqueda constante de originalidad en la información científica" da. Itsasoaz bestaldetik etorriko dela baliaturik, jardunaldiaren bezperan, maiatzaren 26an, bere liburuaren izenburu bereko hitzaldi bat emango du. Hitzaldi hori maiatzaren 26ko arratsaldean izango da, 19:00etan, Bizkaia Aretoan bertan.

Estupinyarena ez ezik, aipatzekoa da Xurxo Mariño biologo, neurozientzialari eta dibulgatzaile galiziarraren presentzia ere. Ondorengo hitzaldia emango du Bilbon: "¿Una charla? ¿de ciencia?, prefiero el bar".

Patricia Fernandez de Lis kazetariak, 'Público' egunkariko zientzia saileko arduradunak, bere egunkarian zientzia-albiste zer den eta zer ez nola erabakitzen duen azalduko du. Erabaki horiek egunero hartu behar ditu egunkari horretako erredakzioan. Hauxe da Fernández de Lisen hitzaldiaren izenburua: "Cómo 'hacer' ciencia en un periódico. La experiencia de Público".

Horiez gain, Jose Antonio Perez telebistako gidoilari, udazkenean ETBk emango duen "Escépticos" programaren zuzendari eta "Mi mesa cojea" blogaren egileak ere parte hartuko du jardunaldian. Bere hitzaldiari izenburu iradokitzailea ipini dio: "La ciencia mola (o debería)".

Azkenik, amazings.es bloga bultzatu duten hiru blogariren esperientzia lehen eskutik ezagutuko dira jardunaldian: Miguel Artime (Maikelnai's), Antonio Martinez (Fogonazos) eta Javier Pelaezena (La Aldea Irreductible). Azken bi horiek mahai-inguru bat egingo dute, Juan Ignacio Perez Iglesiasen zuzendaritzapean. Biofisika Bizkaia Fundazioko lehendakari Felix Goñik anfitrioi lanak egingo ditu, berak irekiko baitu jardunaldia.