Hainbat nazionalitateko 124 gazte ari dira parte hartzen Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian

 Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiko Gazte Epaimahaia
IÑIGO ROYO
Actualizado: jueves, 14 abril 2011 16:45

DONOSTIA, 14 Abr. (EUROPA PRESS) -

Hainbat nazionalitateko eta 18 eta 30 urte bitarteko 124 gaztek osatzen dute Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiko Gazte Epaimahaia. Epaimahai honek zinemaldian emandako Film Laburrik Onena sarituko du. 15 film laburrek parte hartzen dute atal horretan eta 14 aipatu saria eskuratzeko lehiatzen dira.

Zehazki, 94 emakumezkok eta 30 gizonezkok osatzen dute Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiko Gazte Epaimahaia, gehienak gipuzkoarrak. Nolanahi ere badira beste tokietako gazteak, hala nola Bizkaikoak, Nafarroakoak, Bartzelonakoak, Marokokoak, Frantziakoak,

Errusiakoak, Argentinakoak, Ekuadorrekoak eta Dominikar Errepublikakoak. Izan ere, aurtengo ekitaldian, iaz baino %8 lagun gehiagok eman dute izena Gazte Epaimahian jarduteko.

Halaber, Human Rigthts Film Network Nazioarteko Sarean ari diren zenbait zinemalditako lau kidek osatzen dute Nazioarteko Gazte Epaimahia, izan ere, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia sare horretan dago. Hain zuzen ere, Sarajevoko Pravo Ljudski, Pragako One

World eta Napoliko Giza Eskubideen Zinemaldiko ordezkariak ari dira Nazioarteko Gazte Epaimahian.

Gazte Epaimahiak jaialdian emandako Film Laburrik Onena aukeratzen du. 2006tik gaur arte, Film Laburren Sail Ofiziala lehiatsua bilakatu da, eta, aurreko edizioen antzera, gazteak izango dira filmak ebaluatuko dituztenak, zinema-kalitateari eta giza eskubideen inguruko sentsibilizaziorako duten gaitasunari erreparatuz.

Aipatu sariaren irabazleak 3.000 euro jasotzen ditu, eta iaz Norvegiako Anita Killi-ren "Angry Man / Sinna mann" (2009) izan zen

garaile. Aurtengo irabazlea bihar jakinaraziko dute antolatzaileek zinemaldiko gainerako irabazleak bezala.

Gazte Epaimahian parte hartzeak zinemaldiko emanaldi guztietan zein ekintza paraleloetan esku hartzeko aukera ematen die epaimahaikideei. Era berean, gazteek Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) aukera askeko kredituak eska ditzakete eta euren parte-hartzearen ziurtagiria eskuratuko dute, bai eta Victoria Eugenia Antzokian emango diren Fantasiazko eta Beldurrezko XXII. Zinemaldiko emanaldietarako bonua ere.

Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldia (apirilaren 8tik 15era), Donostiako Udalak -Bakearen Etxearen bitartez- eta Donostia Kulturak antolatzen dute, "Donostia, Bake Kulturako Gunea" programaren barnean. Zinemaldiak mundu osoko giza eskubideen urraketen aurrean donostiarrek kontzientzia kritikoa lantzea du helburu, eta horrekin batera, justizia, tolerantzia eta bakearen balioak sustatu eta zabaltzea.